Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Maria Goyri saria jasoko du Ane Labakaren ikerketak

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak esleitutako proiektu sariarekin garatu du Labakak lana.

Ane Labaka bertsolari eta ikertzailearen Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik lanak Maria Goyri saria eskuratu du. Aitortza hau genero ikuspegia barne hartzen duten UPV/EHUko master amaierako lanei ematen zaie eta aurtengoa, Labakaren ikerketari.

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak esleitutako proiektu sariarekin garatu du Labakak lana. Hain zuzen, pasa den udazkenean Amasa-Villabonako Subijana etxean antolatutako mintegian aurkeztu zituen ikerketaren nondik norakoak. Umoreak bistara ditzakeen botere harremanen inguruan jabetuarazi - "umorea zapaltzea da goitik beherako noranzkoan; behetik gora (edo parez pare) gauzatzean, aldiz, askatzea izan daiteke, erresistentziarako arma" - eta egun umorea bertsolaritzan nola agertzen den aztertu du. Gerora, azken deialdian ere proiektu saria eskuratu du, aurreko ikerketaren jarraipen eta osagarri litzatekeen ikergaia jorratzeko: 2017ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko umorea aztergai, genero-ikuspegitik.

Sari banaketa martxoaren 7an izango da UPV/EHUko Letren Fakultateko areto nagusian, Gasteizen. Egun horretan, Emakumearen Nazioarteko Eguna tarteko, hainbat jarduera antolatu dira unibertsitatean eta tartean egingo da Maria Goyri sariaren banaketa.

Zorionak Ane!

Ikus ebazpena, hemen (UPV/EHUko webgunera bideratuta).