Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kultura, ongizatearen muinean

Gaur hasi da “Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak” ikastaroa Donostiako Miramar Jauregian, UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan.

Kultura erdigunean; ongizatearen muinean; mesedegarria osasunerako. Hitz ezberdinekin baina behin baino gehiagotan errepikatu den ideia izan da hori Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak ikastaroaren lehen saioan.

Ekainean, aurreko urteetan baino lehenago egin dugu aurten urteroko hitzordua UPV/EHUko Uda Ikastaroetan. Pandemiak izan du eraginik kulturgintzan eta herrigintzan, eta baita aurtengo gaia zehazterakoan ere: pandemia garaiko kulturgintzaren inguruan aritu dira gaur elkartutako Pio Perez, Harkaitz Zubiri, Mikel Etxeberria, Aintzane Larrabeiti, Luken Arkarazo eta Beñat Gaztelumendi.

Pio Perez UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak pandemiak eragindako zenbait egitate zerrendatu ditu, kokapen orokor bat eskainiz. Haren aburuz, "jakintza sozialak ere parte hartu behar du irtenbideak proposatzerakoan; txertatu behar dira kudeaketa politikoan". Hala, bere hitzaldiari izenburua ematen dion galderari ere erantzun dio: "Kultura salbatu behar dugu. Tokatzen zaigu euskal kulturarekin solidarioak izatea; "elkarrekikotasuna" beharrezkoa da, eta bide horretatik jarraitu beharko genuke".

Ideia horri helduta eman dio hasiera Harkaitz Zubiri UPV/EHUko ikertzaile eta irakasleak ere bere hitzaldiari: "Kropotkinek adierazi zuen zeinen garrantzitsua zen elkarrekiko laguntza bizirauteko; gizakiok aurrerapen handienak egin ditugu elkarrekiko laguntza hori ondo garatu dugunean". Adibide garbia ere jarri du hori irudikatzeko: "1997an, Suzanne Simardek ikerketa batean baieztatu zuen zuhaitz bat hazteko ezinbestekoa dela basoa. Zergatik? Basoetan lurrazpitik zuhaitzek sare batzuk dituztelako, eta batetik bestera karbonoa partekatzen dute. Elkarrekiko laguntza ematen dutenak dira gehien irauten dutenak".

Gizarte harreman onak izatea mesedegarria den bezala, kultura ere osasun fisiko eta mentalerako mesedegarri diren ebidentziak badaudela adierazi du Zubirik. "Jasotzen dugun kulturak eragina du gure mundu ikuskeran. Esaten denean ez dugula behar besteko harremanik kulturan, hori ez da egia. Arrainentzako ura bezala da guretzat kultura; besterik da, ur hori zerk osatzen duen".

Ondo erabiliz gero, kultura gure bizitzaren erdigunean jartzearen garrantzia azaldu du Zubirik. Eta "ongizatearen muinean dagoelako kultura erdigunean jarri behar" dela ere errepikatu dute Euskal Kulturaren Behatokiak jasotako datuak aletu dituzten Mikel Etxeberriak eta Aintzane Larrabeitik.

2019ko eta 2020ko datuak alderatu dituzte, eta bilakaera azaldu ere bai: 2019an, 13.504 ekitaldi egin ziren, eta 2020an, 10.918. "Udaberrian programatu zen gehien 2019an; garai horretan iaz izandako etena ez da berreskuratu gero, nahiz eta asko programatu den". Kultur parte-hartzeari dagokionez, pandemiak irakurzaletasunean izan du eragin positiboena, kopuruetan behinik behin: "E-liburutegiko erabiltzaile berrien kopurua hirukoiztu egin zen, eta mailegu kopuruek lehen baino koska bat gorago mantendu dira".

Herrigintza ariketa itzela

Pandemiak lehen lerrora ekarritako horien artean, hurbiltasunaren garrantzia ere nabarmendu dute Euskal Kulturaren Behatokikoek: "Herrietan kulturaz gozatzeko aukerak izatearen arnasbidea". Horixe izan da Usurbilgo Udalak herriko eragileekin elkarlanean osatutako Kultur Biraren muina.

"Kultur Birak udal baliabideak herriaren eskuetan jartzen direnean gauza handiak lor daitezkeela erakutsi du", hasi da Luken Arkarazo Usurbilgo Udaleko kultura zinegotzia ekimena azaltzen. "Mezuak gardena izan behar zuen: gu ez gindoazen festak antolatzera; etsipenak jota ginenean (konfinamenduan) kulturgintzak eman ziguna itzultzera baizik". Hala, eta "herrigintza ariketa itzela eginda" 13 egunetan 27 ekitaldiz osatutako eskaintza sortu zuten Usurbilgo kultur eragileek udalak baliabideak jarrita. Aurten ere errepikatu dute esperientzia; kasu honetan, eskaintza biderkatuta eta pluralean, auzo bakoitzak bere bira izango baitu.

Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko ordezkaria aritu da ondoren: "Bertsolaritzaren gizarte mugimendua geldirik ez da inoiz egon herriz herri egon den sareari esker". Bestalde, hezkuntzan eta ikerkuntzan ere elkarteak lanean jarraitu zuela gogorarazi du: "Plazak erori ziren eta sortzaile asko diru iturririk gabe geratu ziren. Horren aurrean, elkartearen lehendabiziko gogoeta izan zen plazan aritzen diren bertsolariei baliabideak ematea". Aurretik Euskal Kulturaren Behatokiko ordezkariek aipatutako ideiarekin bat egin du Gaztelumendik deskribatutakoak: alegia, prekaritateari aurre egiteko, erabaki politikoak behar direla, baina baita sektorearenak ere.

Pandemiak bertso plazara ekarritako ondorio nabarmenenak ere mahairatu ditu Gaztelumendik: "Bi taldetan izan du batez ere eragina: otordu bueltan aritzen diren bertsolariengan eta gazteengan, gune informaletan egiten baitituzte lehen plazak". Antolatzaile motak ere aldatu direla azaldu du: "Bertsolaritza tresna edo bitarteko bat bezala ikusi duenik ere badago; gizartean bestelako eragina egiteko".

Ikusgarritasuna faltan, baina ez kalitatea

Hitzaldietan ateratako hari muturrei heldu diete gero mahai-inguruan Pio Perezek, Luken Arkarazok eta Beñat Gaztelumendik, Harkaitz Zubirik gidatuta. Etorkizunera begira ere jarri dira: "Ez dakit ez ote ari garen ebento handietan oinarritutako kultura batera itzultzeko nahian ari: sentsazioa badaukat zentzu horretan kulturalki akats bat egiten ari garela. Uste dut esparru txikitan lanean jarraitu behar dugula Bertsozale Elkartetik". Luken Arkarazok erantsi du "entsegurako eta praktika kulturalarentzako espazioak eskaini" behar direla, ahalik eta modu gertukoenean eta errazenean: "Protokoloak ezarrita, dudarik gabe, baina herritarrengan ere konfiantza izanda".

Euskal kulturaren kalitateaz galdetuta (Euskal Kulturaren Behatokiko datuetatik atera den ondorioetako bati egin zaio erreferentzia, zeinak aipatzen duen kalitateagatik baino euskararekiko konpromisoagatik jotzen dela euskal kulturara), kalitatea soberan dagoela aipatu du Arkarazok: "Ikusgarritasuna falta da eta erreferentzia bilakatzea". Kalitatea badela berresteko Gaztelumendik adibide bezala erantsi du emakume bertsolariekin egindako saioek aurretik bertsozale ez ziren beste profil batzuk erakarri dituztela: "Hori ez bada kalitatea...".

Bihar bigarren saioa izango du ikastaroak: Iñigo Astiz kazetaria, Manex Fuchs antzezlea, Eneritz Dueso "Eneritz Furyak" musikaria, Xabier Gantzarain kultur eragilea eta Oihana Iguaran bertsolaria izango dira protagonista.