Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/07/02

"Kultura afektiboaren erdigunean da bertsolaritza"

Bertsolaritza eta antzerkigintza hartu dira aintzat Ahoa Bete Hotseko gaurko saioan, emozioak eta umorea aztertzeko.

Jone Miren Hernandez ikertzaileak abiatu du Ahoa Bete Hotseko gaurko saioa. Kulturak eta emozioek duten lotura aipatu du Hernandezek, eta ildo hortatik azaldu du bertsolaritza "kultura afektiboaren erdigunean" dela. Emozioak aztertzeko garaian autore eta ikertzaile ezberdinek hartu izan dituzten ikuspegiak azaldu ditu, eta baita galdera bat planteatu ere: “Emozioak eta arrazoien artean muga jartzen jarrai dezakegu?” bere proposamena da dikotomia hori apurtzeko bertsolaritzan arreta jartzea.

Umorea eta bertsolari txapelketak izeneko hitzaldia eskaini dute gero Jon Oxan Altunak, Imanol Epeldek eta Lorea Arburuak. Lehenak Tabernetako txapelketen gainean hitz egin du: Hernaniko Garin tabernan burutu ohi den txapelketa da, San Sebastian bezperan. “Gure arteko txapelketa zen hark, dimentsio handiagoa hartu zuen” azaldu du eta txapelketak izan duen ibilbidea eta bitxikeriak kontatu ditu. Imanol Epeldek hartu du gero hitza, Zarautzen egiten den Putzuzulo txapelketaz jarduteko. Kolonbian zegoela Oscar Zuluaga trobadorearen lagun egin eta Trova Paisa txapelketako saioa ikusteko abagunea izan zuen Epeldek, eta horrek kopla txapelketa sortzeko gogoa eragin zion. Lorea Arburuak Nafarroan egiten den Bardoak taldekako txapelketaren berri eman du, haren nondik norakoak erakutsiz eta aurrekoetan egindako saioetako laginak ere erakutsiz.

Eguna biribiltzeko, antzerkigintzak hartu du indarra Ander Lipus antzezle eta antzerki zuzendariaren eskutik. Nola landu emozioak antzerkian tailerra eskaini du Lipusek; antzerkian aktoreak baliatzen dituen hainbat tresna landu ditu bertaratutakoekin, jende aurrerako baliagarrak izan daitezkeenak.

Bihar, gehiago

Iosu Florentino clownak zabalduko du Ahoa Bete Hots jardunaldien azken eguna. Umorea eragiteko ariketak landuko ditu aretoan daudenekin. Ondoren, Demodé Quarteteko kide den Joli Pascualena izango da Mintzolaren egoitzan, eta laukoteak kantagintza eta umorea uztartzeko egiten ari den bidea baliatuko du bere saiorako. Eñaut Gantxegi EHAZEko kidea arduratuko da aurkezle lanak egiteaz.