Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kultur sorkuntzen dokumentazio egitasmoak, Durangoko Azokan

Xenpelar Dokumentazio Zentrotik solasaldia antolatu dugu abenduaren 8rako. Areto Nagusian izango da hitzordua 13:00etan, eta bertan hartuko dute parte Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko, Bertsozale Elkarteko, Euskadiko Filmategiko, Topic txotxongilolaritza zentroko eta Dantzan.eus egitasmoko kideek.

Bertsozale Elkarteko eta Lanku Kultur Zerbitzuetako mahaia izango du erakusleiho Durangoko Azokan Mintzola Ahozko Lantegiaren egitasmoak ere: Goienkale 40an izango gara, baina, gainera, azokako beste guneren batean ere izango gara.

UPV/EHUk argitaratuko duen Kultura ez da bat-batekoa argitalpena topatuko dugu azokan. Bertsozale Elkarteak eskatu eta Mintzola Ahozko Lantegiak bideratutako Bertsozaletasunaren Ikerketa Soziologikoaren inguruko liburua da. Ikerketa UPV/EHUko ikertzaileen bitartez eta inkestatzaile aritu zen Bertsozale Elkarteko borondatezko talde mardularen bidez gauzatu da, eta emaitzekin eta bestelako elkarrizketa sakonagoekin irakurketa egin dute Alfredo Retortillo, Xabier Aierdi eta Harkaitz Zubiri ikertzaileek; azken honek ondu du azken testua. Zehazki, lanaren aurkezpena ere egingo da abenduaren 6an, 17:00etan, Areto Nagusian.

Bestalde, abenduaren 8an, 13:00etan leku berean, Xenpelar Dokumentazio Zentrotik antolatutako solasaldia izango dugu. Dokumentazio zentroko Nere Erkiagak gidatuta, Kultur sorkuntzen dokumentazioa, etorkizunerako apustua mahai-ingurua egingo dugu. Kultur sorkuntzen garapenean dokumentazio egitasmoek duten garrantzia mahairatu nahi da, eta horretan ariko dira Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Idoia Gereñu; Bertsozale Elkarteko Ixiar Eizagirre; Dantzan.eus eta Dantzagunetik, Gari Otamendi; Topic txotxongilolaritzaren zentroko Maria San Sebastian; eta Euskadiko Filmategitik, Ion Lopez.

Laster arte.