Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Kooperazioaz, aldizkakotasunaz eta estetikaz

Iñigo Astiz, Manex Fuchs, Eneritz Dueso, Xabier Gantzarain eta Oihana Iguaran aritu dira gaur.

Sortzaileek hartu dute hitza batez ere Pandemia garaiko kulturgintza: egoera eta erronkak ikastaroaren bigarren saioan: Eneritz Dueso musikaria, Eneritz Furyak izenez ere ezaguna, Manex Fuchs antzerki jokalaria eta Oihana Iguaran bertsolaria aritu dira, Dinamoa sormen gunean aritzen den Xabier Gantzarain kultur eragilearekin eta Iñigo Astiz kultur kazetariarekin batera.

Azken honek gidatu du amaierako mahai-ingurua; baita saioari hasiera eman ere. Pandemia garaian kultur kazetariaren lekukotza eman du Astizek: "Elurte moduko bat izan zen: eguneroko martxa apaldu zen, zenbait kasutan eteteraino. Etxeratze aginduaren ondorioz, antzokiak erori ziren eta pantailak gailendu; haren neurrira egokitu zen kultura", azaldu du.

Hain justu, euskal kultur sorkuntzaren inguruko artikulu sorta egiteko bidean harrapatu zuen pandemiak kazetaria: "Euskal sortzaileen prekarietate egoera zein zen, zein baldintzetan aritzen ziren sortzaileak…baina pandemiak idatzi zuen artikulua". Pandemiako ondorioak ezagutzeko zenbait kultur elkartetako zuzendaritzako kideekin ere aritu zen gerora Astiz: "Antolatu gabe zeudenek haizeteari eutsi behar izan zioten. Debate abstraktuak zirenak, oso zehatzak bihurtu ziren; ahalduntze behar hori senti zitekeen zerbait zen". Obituario asko egin ziren tarte horretan. Orri informatiboak laguntzen eta sektoreko protesten inguruko albisteek hartu zituzten, eta sormenari ere egin zitzaion tartea.

Hurrengorako prestatuago harrapatuko gaituen galderari Manex Fuchsek erantzun dio lehenik: "Kolapso egoera gehiago izango ditugu. Gaitasun ikaragarria daukagu makil kolpea jaso eta hurrengo kolpearen esperoan egoteko. Uste dut, hala ere, kooperazioaren ideia horretan euskaldunok esperientzia nahiko sakona daukagula". Bere hitzaldian ere kooperazioaren ideia nabarmendu du, atzo aipatutako zenbait ideiekin bat eginez: "Nahiko ondo eutsi diogu egoerari: zergatik? Bada merkatu kontu bat eta ekonomia eredu batena. Euskaldunon kasuan gure merkatua halabeharrez da erreaktiboa: udalekin funtzionatuko du edota euskara elkarteekin, eta orain ezin badugu emanaldia egin, hiru hilabete barru egingo dugu; edo sei. Komuneko helburu batzuk daude. Agian ez gara besteak baino indartsuagoak, baina gehiago kooperatzen dugu" azaldu du Fuchsek. Tokian tokiko eta jasangarria den kulturaren aldarria egin du: "Lekukoa bertakoa nahi du jendeak jateko. Ez al litzateke gauza bera kultura mailan? Kolapso egoera baterako laborariak behar ditugu: elikagaien burujabetza bezala, ez al genuke elekagaiena landu beharko?".

Aldizkakotasunaz

Permakultura ereduaren emaitzak ikusteko 10 bat urte behar direla onartu du Fuchsek. Hala izanda ere, kontua pausoak ematea dela erantsi du Eneritz Duesok: "Jarraitu beharko genuke pixkanaka ahalduntze horretan, indibidualki, baina baita elkarrekin, antolatzaileekin, eragileekin,…". Mahai-inguruaren aurretik emandako hitzaldian pentagramaren bost lerrotan antolatu du hitzaldia, bozgoragailutik hasi (“"Pandemia bozgoragailu izan da, aurretik genituen arazoak handitu eta azaleratu baititu") eta eroen etxeraino, burokraziaren eta askotariko egoerek ematen dituzten bide korapilatsuak islatzeko: "Gure lanaren izaera intermitentea da, eta hori ez da fiskalki islatzen". Mahai-inguruan ere berreskuratu da gaia: "Gure problemek sekulako deskonexioa dute gizartearekiko. Gure artean ere badaude gabezia horiek. Ez dut  uste erabateko utzikeria dagoenik (Administrazioan), borondatea badago, baina unean unekoari erantzuten saiatzen da eta maiz galdetu gabe", azaldu du Duesok.

Bera zein Oihana Iguaran bertsolaria aritu dira pandemia bete-betean sormen lanak dohainik egiteko jasotako proposamenez, "atzean zegoen galera ekonomiko eta emozionala kontuan hartu gabe" Duesok aipatu bezala, eta, ondoren, ideia berreskuratuta Iguaranek gehitu du: “Eskaera egiteko gerturatzeko modua zen…niretzat garrantzitsua zen jakitea ekarpen horren balioa zein zen, eta ez naiz tarifaz ari”.

Bere gorputzetik pasatakoa kontatu du Iguaranek, sortzaileek garaiotan bizitakoa irudikatu ahal izateko. Kolpetik agendan saioak atzeratzen edota bertan behera geratzen ikusi zituzten. Pandemiaz harago, beste egoera pertsonal bat ere bazen tartean garai horretan: "Aurreikusia nuen udan geldirik egongo nintzela, ekainerako alaba espero nuelako.  Kasu honetan, zorionez, nik erabakitakoa zen eta haurdunaldi bat, baina zintzoki onartu behar badut etenaldia hartzearen erabakia beldurrez hartu nuen; barruan gertatzen diren kezkak dira". Udaberriko saioak atzeratzeak udan ezin egitea ere bazekarren, bere kasuan. Bertsozale Elkarteak emandako erantzuna nabarmendu du Iguaranek: "Bertsozale Elkarteak arnas moduko bat eman zigun: Administrazioa bere diru-laguntzak antolatzen ari zen bitartean, elkartea antolatzaileei eta sortzaileei begira zein baliabide eman pentsatzen ari zen". Tokian tokiko bertso-eskolen lana ere azpimarratu du.

Estetikaz

Mahai-inguruan Iguaranek aipatu du: "Muga administratiboak barru-barruraino sartu zaizkigu. Mobilizazio moduak eten dira, herrigintzan biltzeko guneak. Desaktibatu den hori berrabiaraztea zail izan daiteke: urtebetea salbuespen izan daiteke, baina luzatuz gero…". Bat egin du ideia horrekin Xabier Gantzarainek: "Herri ekimena ahuldu du eta hizkuntzaren galera ere ekarri du. Konplikatua iruditzen zait, gauzen orden naturala, naturala ez dena, barruraino sartu zaigulako".

Bere hitzaldian arreta sortzaileen proposamen estetikoan jarri du Gantzarainek: "Asko hitz egiten dugu mila motatako korapiloez baina oso gutxi arteaz, estetikaz, sortzaileek dakartzaten proposamen estetikoei buruz. Zerbait antolatzen dugunean, badirudi garrantzitsuagoa dela haren inguruan egiten dena, ekintzan bertan esango edo egingo dena baino". Ideia hori praktikara ekarri du ikasleak Santa Klarara begira jarrita eta Hondalearen kasua azalduta: “"Ezin da esplikatu" esaten du maiz politikariak, ez dakielako haren inguruan zer esan batetik, eta bestetik, jendea modu masiboan erakartzeko".

Euskal kultura kontzeptuaren izenondoan fokoa jarri gabe, estetikaren aldeko aldarria egin du Gantzarainek: "Badirudi sortu behar dugula beste helburu baterako: Erreserba folkloriko baterako? Nik konpartitzen dudan horrek egiten du komunitate bat; eta komunitateko parte sentitzen zara estetikoki betetzen zaituenean".

Datorren urtean, gehiago.