Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Koldo Mitxelena saria eskuratu du Miren Artetxeren tesiak

Gizarte eta Lege Zientzien arlokoa da Artetxek eskuratu duena.

74 tesi aurkeztu dira Euskarazko Tesien VII. Koldo Mitxelena Sarietara. Euskal Herriko Unibertsitateak eta Euskaltzaindiak antolatzen dituzte, eta gaur izan da sari-emate ekitaldia.

Jakintza arloka banatu ohi dira sariak, eta Gizarte eta Lege Zientzien arlokoa eskuratu du Miren Artetxek  Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak tesiari esker. UPV/EHUko Ikerkuntza eta Euskaraz Errektoreordetzen laguntzarekin, Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitutako ikerketa kontratua lortu zuen Artetxek 2013an, eta hortik abiatutako lana da sariduna. Hain justu, 2020ko urtearen hasieran aurkeztu zuen tesia.

Sari-emaileek azaldu dutenez, UPV/EHUn, euskaraz eginiko doktorego-tesien kopurua esanguratsua da gaur egun: 2019/20 ikasturtean, 62 izan dira euskaraz eginiko doktorego-tesiak, duela bost ikasturte baino 25 gehiago. Kopuru horretan bere ekarpena egiten jarraituko du Mintzolak, ahozko kultur sorkuntzari loturiko ikerketa bultzatuz.

Gazte eta hizkuntza identitatea, bertso-eskoletan eraikitzen

Izenburuak berak zehazten duen moduan, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu eta bertso-eskoletan garatu dituzten praktikak eta diskurtsoak behatu ditu Artetxek. Hiztun berriei ere jarri die arreta.

"Hizkuntza ohituren aldaketak gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira" eta unean-unean, bizitzako aldaketa garaietan, hizkuntza ohiturak mantendu edo aldatu daitezke – hizkuntza mudantza deritzona, alegia-.

"Ahaleginarekin baino, gozamenarekin lotzen duten jarduera eta harreman batzuen jiran, gazte identitatea eta hizkuntza identitatea talde eta norbanako gisa eraikitzeko parada eskaintzen die bertso-eskolek", Artetxeren aburuz. Hitza hartzea, lotsa galtzea, iritzia eraikitzea,… horiek guztiak eta gehiago partekatzen dituzte taldean: "Haiek aukeratuta eraikitzen ari diren gazte identitatearen ezaugarriak dira. Hori guztia euskaraz".