Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/07/03

Kantagintzak itxi du aurtengo Ahoa Bete Hots

Iosu Florentinok eskainitako clown tailerrarekin eta Demodé Quartet taldearen saioarekin umorea gailendu da jardunaldien azken egunean

Emozioak eta umorea izan ditu ardatz Ahoa Bete Hotsek hiru egunotan. Emozioez hitz egin da, baina batez ere umoreaz gaurko egunean.

Eñaut Gantxegi EHAZEko kideak aurkeztu du gaurko saioa, Iosu Florentinorengandik hasiz. Clown tailerra prestatu du Florentinok eta umorea eragiteko ariketak landu ditu saiora hurbildutakoekin. Norberaren ezagutzarako baliagarriak diren teknikak landu dituzte eta haien bitartez ikusleekin komunikatu.

Atsedenaldiaren ondotik, kantagintzak hartu du aretoa; kantagintzak eta umoreak, bi elementu horien uztarketak osatzen baitu Demodé Quartet taldearen izaera. Kide guztiak bertaratu dira, Mikel, Iker, Joli eta Deibi, Patxi Barco zuzendariarekin batera. Euren abiapuntua eta ibilbidea azaldu dituzte; “ez genuen musika bakarrik eskaini nahi, zerbait gehiago egin nahi genuen”, eta hala, musika, kantua, umorea eta antzerkia uztartzen dituen egitasmoa dute esku artean. Azaldu bakarrik ez, eta euren emanaldiaren lagina ere erakutsi dute.

VI. Ahoa Bete Hots jardunaldiak izan dira aurtengoak eta ahozkotasunaz eta emozioez gozatzeko eta gozarazteko abagunea eskaini dute. Mila esker parte-hartzaile guztiei.