Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Irudika dezakegu denontzat baliagarria litzatekeen kantutegi bateratu bat?

Aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak euskal kantagintzako eragileekin gogoeta egiteko baliatu ziren eta ondorio aberatsak izan dituzte.

[Lan-saioan bildutako ideien LABURPENA hemen irakur daiteke osorik]

Apirilaren 27an Amasa-Villabonako Subijana Etxean 30 lagun elkartu ginen, euskal kantagintzaren inguruan gabiltzan erakunde eta norbanako, eta saio parte hartzaile baten bidez euskal kantagintzaren ondareak Interneten izan beharko lukeen lekuaz gogoeta egin genuen.

Lan-saioa egin aurretik gai honen inguruko ertz ezberdinak mahaigaineratu ziren, sei hitzaldi laburren bidez: Eusko Ikaskuntzako Amaia Cuendek, Eresbil Musikaren Euskal Artxiboko Jon Baguesek, Labayru Fundazioko Igone Etxebarriak, Itziar Irigoien irakasle eta haur abesbatzako zuzendariak, Pantxix Bidart kantari eta irratsaio egileak eta Maider Bedaxagar kantari eta liburuzainak eskaini zituzten hitzaldiak.

Lan talde txikietan eta ondoren denon artean egindako gogoetan, euskal kantagintzaren ondarea modu ezberdinetan eskaintzen duten webguneen arteko lotura eta koordinazioa ahalbidetuko lituzkeen egitasmo baten onurak agertu ziren. Nabarmendu zen kezka euskal kantagintzaren transmisioan Euskal Herri osoan zehar ematen ari den etena izan zen eta, ondorioz, transmisio hori indartzeko egitasmoen beharra ikusi zen. Noizbait gauzatuz gero, euskal kantagintzaren inguruko ondare bilketako egitasmoek ere errealitate hau lehentasunez kontutan izan beharko luketela jo zen eta kantagintzaren transmisioaren zerbitzura jarri, kultur sorkuntza bizi baten eragile izan dadin.

Balizko egitasmo bateratuaren hainbat ezaugarri bildu eta garrantzitsuenak izan daitezkeenak ere identifikatu ziren.