Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/11/23

Ireki dugu Ahots Baten topagunerako izen-ematea

Abenduaren 9ra arte eman ahal izango dute izena 15 eta 22 urte bitarteko sortzaileek. Toki kopuru mugatua izanik, behin epea amaituta eta izen-ematea itxita baieztatuko zaie izena eman dutenei tokirik baduten.

Gaur 10:00etan ireki dugu Ahots Baten topagunean izena emateko epea; webgune honetan bertan egokitutako izen-emate orria bete beharko da horretarako, eta abenduaren 9ra arte (12:00etan amaituko da) eman ahal izango da izena. Behin izen-ematea itxita jakinaraziko zaie izena eman duten lagunei tokia izango ote duten, indarrean dauden neurriak bete ahal izateko toki mugatua baitugu. Aintzat hartuko da izena emateko ordena.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta kontalaritza edota literatura: kultur diziplina horiekin esperimentatzeko gunea da Ahots Baten. Urtean zehar diziplina horietan aritzen diren 1998 eta 2005 urteen artean jaiotakoei zuzendutako egitasmoa da, alegia, 15 eta 22 urte bitartekoei.

Azpeitiko Dinamoa sormen gunean izango da aurten Ahots Baten. Ez da ohiko egonaldia izango, eta bi saiotan gauzatuko da, abenduaren 28an eta 29an. 9:30ean elkartuko gara Azpeitiko Dinamoan bi egunetan; 18:30ean amaituko da saioa lehen egunean, eta 19:45an bigarren egunean, bi eguneko jarduna biribiltzeko ikuskizuna eskainiko baita. Otorduari dagokionez, Sanagustin kulturgunean bazkalduko dugu.

Lehen egunean, literatura eta bertsoa izango dira mami: Iratxe Retolaza literatura adituak hasiko du saioa, eta arratsaldean Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariak batuko dira taldera. Bigarrenean, Xanti Agirrezabala aktoreak eta Mursego kantariak hartuko dute parte; amaitzeko, Agirrezabalak Satiro bere bakarkako antzezlana eskainiko du.

Taldearen parte izango direla jakinarazten zaien gazte sortzaileei bi egunetan etortzeko konpromisoa eskatzen diegu. Era berean, Mintzola Ahozko Lantegiak irisgarritasunean lagunduko die partaideei; adibidez, joan-etorria frogatzeko agiriekin.

Informazio gehiago, hemen.