Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/11/18

"Ipuin ugari daude, baina ez zaie kontaketarako merezi duten arreta eskaintzen"

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien lehen saioak Itziar Rekalde, Xabier Etxaniz eta Pello Añorga bildu ditu.

Ipuingintza, antzerkigintza eta liburuzaintzaren alorreko kide asko hurbildu dira Koldo Mitxelenaren aretora 10:00etarako. Izan ere, gaur abiatu da Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien bigarren edizioa, Idatzitik ahozkora: Euskal Ipuingintza Egungo Liburuetan izenburupean. Euskal tradizioko ipuinek liburuetan duten islaren inguruan jardun dira gaurko hiru hizlariak: Itziar Rekalde ipuin kontalari eta euskal ipuingintzan aritua, Xabier Etxaniz EHUko irakasle, idazle eta haur eta gazte literaturan aditua, eta Pello Añorga ipuin kontalari eta idazlea.

Xenpelar Dokumentazio Zentroko Nere Erkiagak aurkezpena egin ondoren, Itziar Rekaldek ekin dio jardunaldien lehen hitzaldiari. Eta gaiak hala eskatuta, ipuin batekin hasi da.

Munduaren sorrera kontatu ahal izateko hasieran kondairak eta mitoak zeudela, eta gero haien bidea ipuinek jarraitu zutela azaldu du: “Ulergaitza ulergarri bihurtzen dute ipuinek”. Hala, ipuinen funtzioak zeintzuk diren xehatu ditu Rekaldek: “gizataldea lasaitzea da ipuin tradizionalen funtzio nagusia, ziurtasuna ematea, beldurrak elkarrekin gainditzea”. Identitatea markatuko duena irudikatzeko ahalmena dutela ere azaldu du, ez hizkuntza deskriptiboaren bidez baizik eta hizkuntza sinbolikoarekin, eta “hitz sinboliko eta pentsamendu magikoaren behar larria” dugula azpimarratu du Rekaldek.

Xabier Etxanizek hartu du hitza gerora. Kontrako bidetik heldu dio gaiari: ahozkotik idatzirako bidea egin du. Ahozko kontakizunak izaten dituen ezaugarriak aipatu eta idatzizkora igarotzean horiek nola galtzen diren azaldu du: “Izaera subertsiboa galtzen dute ahozko kontakizunek idatzizkoan. Txanogorritxoren  istorioan,  txanogorritxo biluzten dela ezkutatu egin da erreferentzia gehienetan”. Ideologia transmititzeko, ipuinetako erreferentzi eta mezuen erabileraz ere aritu da, hala nola, emakumeek ipuin tradizionaletan izan duten rolaz: “Emakumea maiz sari gisa eskaini izan da ipuinetan”. Dokumentazioari dagokionez, Euskal Herrian ipuinen inguruan egindako bilketa lana ere azaldu du.

Pello Añorgak hitzaldi-kontaketa eskaini du. Ahozko komunikazioko baliabideen eraginkortasuna erakutsi du, ipuin bildumetako pasarteak berreskuratuz eta kontatuz. Ipuin kontaketak urteetan zehar izan duen garapena ere azaldu du, eta bildumak erakutsi. Hala, amaitzeko “entzuteko espazioaren eta entzumenaren estetika zaindu” behar direla esan du, ikusmenari ematen zaion garrantziari keinu eginez.

Mahai-inguruan bildu dira azkenik hiru hizlariak, publikoarekin solasaldian arituz. Feminismoa eta tradizioaren transmisioaren kontraesanaz, emozioez eta ideologiaz jardun dira, besteak beste. Ipuin bilduma ugari egon arren, bai argitalpenen edizioa osatzerakoan zein entzuleari egokitzerakoan, ipuinei kontaketarako behar bezainbesteko arreta eskaintzen ez zaiela ondorioztatu dute.

Datorren astean, bigarren saioa

Azaroaren 25ean eskainiko da Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien bigarren saioa: Manu Lopez, Patxi Zubizarreta, Aines Dufau eta Bego Alabazan ariko dira, itzulitako ipuin unibertsalen inguruan.