Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/06/22

Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen IV. Bilkuran parte hartuko du Xenpelar Dokumentazio Zentroak

Udako Euskal Unibertsitateko ikastaroen baitan gauzatuko dira jardunaldiak datorren ostegunean, Eibarko Markeskoa Jauregian.

Artxibo, liburutegi eta dokumentazio zentroetako profesionalak elkartuko dituen Informazio eta Dokumentazio Kudeatzaileen IV. Bilkura: Zerbitzu berriak erabiltzaile berrientzat. Erabiltzaile berriak zerbitzu berrietarako jardunaldiak antolatu ditu Udako Euskal Unibertsitateak, Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearekin (ALDEE) elkarlanean; eta Xenpelar Dokumentazio Zentroak ere hartuko du parte.

Datorren ostegunean, ekainaren 28an, gauzatuko dira jardunaldiok, Eibarko Markeskoa Jauregian. Erabiltzaileen beharrei begira zerbitzuak hobetu asmoz, profesionalen arteko elkarrizketa bultzatzea dute helburu. 9:30ean hasi eta 14:30ak arte, hainbat liburutegi eta artxibotako profesionalek beren esperientziak azalduko dituzte; hain zuzen, Dokumentazio zerbitzuak kulturgintzan hitzaldia eskainiko du Xenpelar Dokumentazio Zentroko Oihana Aranburuk, 10:20tik aurrera.

Astelehen eta asteartean, Bertsolaritza Genero Ikuspegitik
Iruñeko Katakrak liburu dendan izango dute hitzordua bertsolaritzan eta genero ikuspegian arreta jarri nahi dutenek. Mintzolaren babesarekin bertsolaritzaren ikerketan aritu diren eta dabiltzan Miren Artetxe eta Ane Labaka bertsolari eta ikertzaileak dira Bertsolaritza Genero Ikuspegitik ikastaroaren koordinatzaileak, eta Nevadako Center for Basque Studies ikastegiarekin antolatu dute elkarlanean. Bi egunetan zehar, bertsolari, ikertzaile eta beste kultur diziplinetako aditu eta arituek gaiari ertz ezberdinetatik helduko diote. Ikastaroa biribiltzeko, gainera, Ez da kasualitatea! bertso emanaldia eskainiko da.