Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/06/14

Ikertzaileak elkartu ditugu Mintzolaren egoitzan

Asmoa euren ikerketen berri ematea eta jasotzea izan da, eta informazio akademikoa eta teknikoa partekatzea, besteak beste.

Ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren ikerketak elkartu ditu, eta Mintzola Ahozko Lantegiak horretarako bidea eta espazioa egokitu die. Atzo elkartu ziren Mintzolaren egoitzan, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Guztiek ere, modu batera edo bestera, bertsolaritza eta, honi lotuta, ahozkotasuna, dute langai, izan beren ikergairako ezinbesteko tresna zaielako, edo bertsolaritzaren zein ahozkotasunaren azterketa alor jakin batetik egiten ari direlako: hizkuntzalaritzatik, arte plastikoetatik, biologiatik...

Topaketa honen asmoa ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren inguruko ikerketen berri ematea eta jasotzea eta iradokizunez osatzea izan da, ikuspegi teoriko ezberdinetako begiradak gurutzatzea beti baita aberasgarri. Era berean, jakintza ez ezik, informazio akademikoa eta teknikoa partekatzeko zein harremanak errazteko aukera ederra izan da.

Unibertsitate ezberdinetako irakasleak eta ikertzaileak elkartu dira, eta, haiekin batera, Mintzolako patrono diren Beñat Gaztelumendi Bertsozale Elkarteko Ikerkuntza arduraduna eta Jon Zarate, Euskal Herriko Unibertsitateko Euskararen eta Etengabeko Prestakuntzaren arloko errektoreordea. Ikertzaile gehiago ere badaude, eta, aurrerantzean, horrelako gehiago ere izango direlakoan gaude!

Unibertsitateekin eta ikertegiekin, eskutik

Bertsolaritzak esparru akademikoan bere lekua izan dezan, hainbat unibertsitaterekin eta ikertegirekin elkarlanean aritzen da Mintzola Ahozko Lantegia. Esate baterako, batetik, ahozkotasunaren eta bertsolaritzaren inguruko ikerketak sustatzen ditu, izan UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin esleitzen dituen sarien eta kontratuen bidez edota Xenpelar Dokumentazio Zentroarekin batera aholkularitza eskainita; hain zuzen, maiatzaren amaieran argitaratu zen ikerketa sarien eta kontratuaren azken deialdiaren ebazpena.

Bestetik, ikertzaile gazteei bertsolaritza eta ahozkotasuna ikertzeko sena pizteko, Komunikazioko graduko ikasleak etorri ohi dira urtero Deustuko unibertsitatetik, eta Subijana etxean kokatuta dauden Bertsozale Elkartearen, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren egitekoa erakusten zaie.

Aipatzekoa da, baita ere, bertsolariaren garunak bertsoa sortzeko eta botatzeko prozesuan egiten duen lanketa aztertzeko ikerketaren haritik, BCBL (Basque Center on Cognition, Brain and Language) ikertegiarekin sortutako harremana.