Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ikerketa proiektuak jasotzeko gogoz

Goierriko ahozko ondarea ikertzeko beka aurkeztu dugu Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak.

"Mintzolarentzat pozgarria da Kilometroak Kultur Elkartearekin batera ikerketa beka deialdi honen bigarren deialdia aurkeztea", hitzekin hasi du Mintzola Ahozko Lantegiko Beñat Gaztelumendi patronatu kideak bere azalpena. Iaz abiatu zuen ikerketa beka honek bidea Kilometroen eta Mintzolaren eskutik, eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. Pello Mari Otaño izena hartu zuen orduan Aiztondo bailarako (Gipuzkoa) ahozko ondarea ikergai zuen bekak, jaialdiak bertsolari zizurkildarra hartu baitzuen ikur. Aurtengoan, Kilometroak jaialdia antolatzeko ardura Goierriko ikastolek hartu dute, Beasaingo Andramendik, Ordiziako Jakintzak eta Lazkaoko San Benitok, eta haien eta Gerriko Kultur Elkartearen babesarekin deitu dugu Kilometroek eta Mintzolak elkarlanean aurtengo ikerketa beka.

"Eta iazkoa hain ederra izanik, pozik gaude aurtengoan bigarren deialdia aurkezten dugulako", azaldu du Gaztelumendik. Izan ere, iaz Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak ondutako Aiztondoren zirtotsa proiektua martxan da, eta laster aurkeztuko da amaituta. Eskerrak ere eman dizkie ikerketa deialdi honen sustatzaileei "ikerketan sinesteagatik eta bide eder hau elkarrekin urratzeagatik".

Proiektua bultzatu dutenei eskerrak eman dizkie prestutasunagatik Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria den Nekane Artolak ere: "Kilometroak euskararen eta euskal kulturaren bozgorailu izan da, herri ekimenaren parte, auzolanaren eredu, eta orain berritze eta eraldatze fasean gauden honetan, ezaugarri horiek plazaratzeko espazio berriak sortzen eta arakatzen ari gara: hor kokatzen dugu beka hau. Garai berrietara egokitzeko bultzadatxoa eman nahi diogu ekimen honekin" eta erantsi: "datozen urteetan ikerketa beka honek jarraipena izan dezan ahalegin berezia egingo dugu".

San Benito ikastolako zuzendaria den Josune Aranburuk Goierriko hiru ikastolen izenean hartu du hitza: "Aurrera egitea erabaki genuen eta jai handi hau konfinamenduan ez sartzea. Aurten bi helburu oso garrantzitsu ditugu: batetik, herriari itzultzea herriak emandakoa; eta bestetik, euskal kultura zabaltzea eta euskaraz bizi ahal izatea". Gerriko Kultur Elkarteko Joxepa Madariagak azaldu du deialdiaren helburuak ere bat datozela elkartearekin egitekoarekin, eta esan du deialdiak ikerketarako "askotarako bidea ematen" duela, izan Goierriko hizkera edota kantagintza, bertsolaritza edo bestelako kultur sorkuntza bat ikergai: "Proiektuak gustura jasoko ditugu, gustura aztertuko ditugu".

"Ahozko kultur sorkuntzan interesa duzuenak, bertso-eskolan zabiltzatenak, hitzarekiko gustua duzuenak..." proiektu proposamena bidaltzera deitu ditu Gaztelumendik. Ekainaren 30era arte izango dute interesdunek ikerketa proposamena bidaltzeko aukera. Hautatutako proiektuaren egileak 3.000 euroko saria eskuratuko du, ikerketa urtebeteko epean garatzeko.

Hemen dituzue xehetasunak.