Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2011/11/04

Ikasteko hitz egin, hitz egiten ikasi

Itziar Elorza ahozko hizkuntzaren irakaskuntzari buruz aritu da hizketan. Ikastolen Elkartean zer metodo lantzen dituzten azaldu du.

Ahozkotasunaren esparruan Ikastolen Elkartea azken urteetan aurrera eramaten ari den prozedurez aritu da nagusiki Itziar Elorza. "Gure komunikazio beharrei erantzuteko aho hizkuntza era egokian eta eragingarrian erabiltzea da ahozkotasuna. Eskolan kokatzen garenean, eskolako komunikazio egoera guztietara begira egiten da diagnosi, plangintza eta programazio lana". Gela barne eta kanpoko eremuari erreparatzen zaiola esan du: egoera formal eta informalari. Itziarrek gela barneko aipamena egin du, eta horren barnean, bi esparru landu ditu: batetik, arloen kudeaketa pedagogikoa (curriculum proiektua) eta bestetik, interakzio didaktikoa (metadiziplinarra da; arlo guztiak besarkatzen ditu).

Elorzak azaldu duenez "Ikastola gero eta garrantzia handiagoa ematen ari zaio ahozko hizkuntzaren irakaskuntzari". Hala ere, oraindik orain eskolan ikasleei oso tarte txikia ematen zaie hitz egiteko. "Entzuten irakasten ari gara; hitz egiten irakastea falta zaigu. Gauzak jakitetik, horren inguruan jarduteko eredua eraikitzea dagokigu (eta horrek ahozko komunikazioa eskatzen du) – elkarrekin jardutea" esan du Elorzak. Ezagutzak eraikitzearen funtzioan ahozkoak izan dezakeen garrantzia aipatzean ikaskuntzaren piramideaz aritu da. Izan ere, kontzeptuak barneratzeko oso garrantzitsua da ikasi duguna adieraztea eta beste norbaitekin konpartitzea. Hori horrela izanik, ahozko zereginak eskolan zein diren zehaztu du:

  • Elkarrizketan aritzea.
  • Jasotzen dugun informazioa prozesatu eta hori adierazteko ahozkoa erabiltzea; deskribatuz, kontatuz...
  • Norberaren ezagutza eraikita, norberaren ikuspuntu pertsonalak garatzea, iritzia eman, justifikatu eta argudiatu.

"Arloko irakaslea hizkuntza horren irakasle da. Arloko ezagutzek behar duten lana da hizkuntza hori erabiltzen i(ra)kastea. Eta gaur egun hori ez da bideratzen" Itziar Elorzaren hitzetan.

Ikasle/irakasleen arteko elkarrekintza aberastu eta egituratzeaz ere aritu da: "garrantzitsua da hizkuntzaren hausnarketa bideratzea. Hitz egin bai, baina hitz egin dugunaren gaineko gogoeta da aurrera egiten laguntzen duena". Azalpenak eman ondoren, jardunaldietako partaideak talde-lanean jarri ditu Elorzak.

Albisteak hedabideetan: