Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/11/29

Igandean amaituko da Ahots baten egonaldirako izen-ematea

Abenduaren 26tik 30era izango den sormen egonaldira etorriko dira aurten Danele Sarriugarte, Jon Basaguren, Oier Guillan, Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi.

Antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura zale amorratua ez ezik diziplina horiekin jolasteko eta sortzeko grina baduzu, Gabonetarako plan aproposa da Ahots Baten. Baina, mugi! igandean, abenduaren 2an, amaituko baita izena emateko epea.

Aipatutako lau diziplina horiekin esperimentatzeko aukera ematen du sormen egonaldiak, 1998 eta 2002 urte bitartean jaiotako sortzaileentzat. Abenduaren 26tik 30era izango da, Aubixako aterpetxean, Elgoibarren (Gipuzkoa). Lehen egunean antzerkia landuko dugu; bigarrenean, kantua; hirugarren jardunaldian, literatura; eta azken egunean, bertsolaritza. Horiek lantzeko egun bakoitzean gaian aditu den norbait etorriko da Aubixara: Oier Guillan antzezlea, Danele Sarriugarte idazlea, Jon Basaguren abeslari eta musikaria edota Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak.

Ekimen hau euskarazko ahots sorkuntzan dabiltzan gazteak elkartzeko, beren artean harreman sareak egiteko eta adierazpide ezberdinak esperimentatzeko helburuz sortu zen. Mintzola Ahozko Lantegiak antolatzen du, Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin, Bertsozale Elkartearekin eta ipuingintzari loturiko zenbait eragilerekin elkarlanean. Jada hiru urtez egin da egonaldia eta emaitzarekin gustura geratu izan dira bai izena emandako gazteak, begiraleak zein parte hartu duten adituak; asko harrituta ere bai gazteen talentuarekin.

Gabonak sormenean murgilduta pasa nahi badituzu, badakizu: eman izena webgune honetan bertan ondorengo orri hau beteta, edota 943 693 870 zenbakira deituta. Baina, esandakoa: igandea baino lehen.