Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Idoia Ilundainen gradu amaierako lanak eraman du saria

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitutako I.GRAL Saria eskuratu du. Ahoz gorako irakurketak sozializazio esperientzia bihur daitezkeela aztertu du Ilundainek.

Ahoz gorako irakurketa eta kontaketa haur hezkuntzan: ahotsaren eta entzumenaren bitartez sozializatzeko esperientzia izenburupean Idoia Ilundain Iribarrenek garatutako lanak eskuratu du UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Mintzola Ahozko Lantegiak banatutako I.GRAL saria, gradu amaierako lanentzako saria, alegia. Atzo eman zuen sarituaren berri Laboa Katedrako Jone Miren Hernandezek, Mintzolak ahozko kultur sorkuntzen inguruko ikerketak ezagutzeko antolatutako hitzorduan, Amasa-Villabonako Subijana etxean. 500 euroko saria lortu du. 20 ikerlan aurkeztu dira eta Hernandezek berak sari banaketan aipatu zuenez, nabarmentzekoa izan da jasotako lanen kalitatea.

Bi kezka nagusi izan ditu saritutako lanak abiapuntu: "Batetik, ahoz kontatzeko ohitura gero eta gutxiago praktikatzen den jarduera dela, eta soinuan hitzen esanahiaren zati garrantzitsu bat dagoela ahazten ari garela. Bestetik, entzutearen eta isiltasunaren garrantzia ahazten ari garela".

Aurrez horrenbeste landu gabeko helduleku batetik ekin zion Orkoiengoak lanari: "Kontaketaren eta irakurketaren arteko lehiari aurre egin, eta zubi bat eraikitzen saiatzea zen helburua. Ahoz gorako irakurketa deskodetze soiletik urrundu, eta ahotsaren bitartez irakurritako horri bizia eman ahal zitzaiola”; eta, aldi berean, horiek sozializazio esperientzia bihurtzen direla, esandakoaren eta isiltasunaren arteko oreka topatuz gero.

Sei ikertzaileren lanak eta bi argitalpen

Kepa Matxain, Jon Gurrutxaga, Maialen Akizu, Deustuko Unibertsitateko Elixabete Perez eta UPV/EHUko Antxoka Agirre eta Eñaut Agirre aritu ziren beren lanak aurkezten. Laster izango dira hizlarion hitzak Mintzolaren webgunean ikusgai.

Tartean, Ane Labakak eta Xabier Aierdik bi argitalpenen berri eman ziguten: lehenak Bertsolaritza feminismotik (bir)pentsatzen lana aurkeztu zuen, UEUk argitaratutakoa; eta bigarrenak Bertsozaletasunaren Azterketa Soziologikoa oinarri duen Kultura ez da bat-batekoa liburua, UPV/EHUk kaleratua. Biak topatu ahal izango dira Durangoko Azokan eta Kultura ez da bat-batekoa Bertsozale Elkartearen eta Lanku Kultur Zerbitzuen mahaian izango da eskuragai, Goienkale 40an.