Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/02/05

“Horren gazte eta horrenbeste gauza egiten, sortzeko gogoz”

Abenduaren 26tik 30era egin zen Aubixako aterpetxean Ahots Baten sormen egonaldia. Esperientzian bidelagun izandako adituak liluratuta geratu dira parte hartzaileen sormen gaitasunarekin eta grinarekin.

Pasa den urtea sormenean murgilduta amaitu zuten hainbat gaztek Aubixako aterpetxean (Elgoibar, Gipuzkoa). Laugarren urtez jarraian gauzatu da Ahots Baten sormen egonaldia, eta antzerkia, bertsoa, kantua eta literatura baliatu zuten gazteok, beren irudimena eta sorkuntzarako sena are gehiago pizteko eta partekatzeko.

Oier Guillan antzezlea, Jon Basaguren musikaria, Danele Sarriugarte idazlea eta Unai Iturriaga eta Uxue Alberdi bertsolariak izan zituzten bidelagun esperientzian. Guztiek ere bat egiten dute sortzaile gazteok erakusten duten grinarekin: “Horren gazte eta horrenbeste gauza egiten, sortzeko gogoz”, dio Basagurenek. Danele Sarriugartek ere “inbidia handia” duela aitortu du eta “kristoren proiektua eta beharrezkoa” dela; era berean, Uxue Alberdik ere “luxua” izan dela esan du.

Oier Guillanek iritsitakoan sentitutakoa hitzetara eraman du: “Oso hunkigarria izan da iritsi orduko harreraren momentua eta eszenaratzea. Pixka bat urduri nengoen, bazegoen energia bat gertukoa, leku bat frogatzeko, esperimentatzeko…”. Unai Iturriagak ere honelako topagune batek eskaintzen duena azpimarratu du: “Sormenarekiko eta kulturarekiko kezka, hizkuntza, beraien eremu arruntetan ez da hain baloratua izango, eta adin horretan topatzea leku bat hori partekatzeko izugarria da”.

Egonaldia gogoratzeko ikus-entzunezkoak jada ikusgai daude sarean eta horietan, parte hartzaileen irudiekin batera, aipatutako adituen hitzak jaso ditugu.

Bideo gehiago, hemen.