Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2018/06/15

Hogeigarren "Bapatean", prest

Plazetako jarduna jasotzen duen bertso antologia da "Bapatean".

1988an egin zuen Xenpelar Dokumentazio Zentroak lehen Bapatean bilduma eta orduz geroztik ez dio bere urteroko hitzorduari huts egin, paperean 2009ra arte eta CDan gerora; aurtengo bilduma ere prest da.

Azken urteotan bezala, CDan jasotako dokumentu batek eta audioek osatzen dute bertso antologia: bertsoaldiez gain, plazako jardunaren inguruko datuak dakartza argitalpenak. Hitzaurreari dagokionez, Alaia Martinek egin du aurtengoa. Bertsozaleak goza dezan nahi da, baina ez hori bakarrik. Ikerketa lanetarako bazka eskaintzen dute bilduman topatuko ditugun bertsoaldi eta datuek; bertsoaren irakaskuntzarako zein ikaskuntzarako tresna baliagarriak eman; eta datozen saioetarako ideia berrien inspirazio iturri ere izan daiteke antologia hau.

Gogoan izan lan honetan agertzen diren bertsoaldiak bdb.bertsozale.eus atarian dituzula, eta aurreko Bapatean bildumak ere kontsulta daitezkeela Xenpelar Dokumentazio Zentroaren liburutegi digitalean, aipatutako atarian bertan sartuta.