Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hilabete falta da ikerketa deialdietara aurkezteko

Ikerketa proiektu eta GRAL sari bana ditugu esleitzeko, UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean antolatutako bi ikerketa deialdietan.

Uda betean iragarri genituen ahozko kultur sorkuntza aztertzeko bi deialdi, eta jada lanak aurkezteko epea hilabete barru amaituko da: urriaren 20an, zehazki.

UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean antolatutako deialdiak dira biak. Batetik, 2.000 euroko ikerketa proiektu sari bat eskainiko dugu. Oraindik egin gabe dauden ikerlanak garatzeko saria da hori, eta master amaierako lanen proiektuak lehenetsiko badira ere, beste ikerketa lan monografiko batzuen proiektuak ere onartuko dira. Bestetik, amaituak dauden Gradu Amaierako Lanentzako sari bat eskainiko dugu, 500 eurokoa. Azken bi ikasturteetan defendatutako Gradu Amaierako Lanentzat da, zehazki.

Bi deialdien kasuan, unibertsitateko edozein jakintza alorretatik abiatu daiteke lana, betiere euskarazko antzerkigintza, kantagintza, bertsolaritza, kontalaritza, bikoizketa edo ahoz emateko sortzen den beste kultur adierazpide bat dela mami nagusi.

Jakin-mina asetu ahala hura pizteko gogoz? Zure lana edo proiektua ezagutzeko irrikaz gaude.