2011/11/03
Herri kantuen interpretazioa. Ahozko tradizioaren atzetik
Lo kantek haurtzarotik gizakiongan zer eragin duten azaldu du Arrietak. Kantuaren bidez alderdi intuitiboa nola lantzen den agertu du. Ariketa praktiko baten bidez eman dio amaiera saioari.
Itsaso Arrieta Labayru ikastegiko kideak kantuaren
garrantzia aldarrikatu nahi izan du bere jardunean, eta gizakiak bere
sorreratik musika edo kantuarekin duen loturaren berri eman digu. Bere
azalpenean esandakoak: “burua bi hemisferiotan dago banatuta: mentala eta
intuitiboa. Oso inportantea da biak elkarrekin egotea. Kantuan gehiago lantzen
da alderdi intuitiboa, eta oro har, bizitzan baztertuta uzten dugun hori.
Sentimenduak, inpresioak, sentsazioak… adierazten dira musikaren bitartez”, eta
gizakiaren irakasbide bihurtzen haurtzarotik bertatik. Horren adierazle dira lo
kantuak eta haiek gizakiaren garapenean daukaten eragina. “Haur kantetatik
irakasten ari gatzaizkio gure hizkuntza, sentipenak, pultsua, erritmoa… haurrari;
oreka bat da, azken baten. Psikomotrizitatea, gorputzaren mugimenduak orekatuak
izango dira. Buruaren heldutasuna ere horrekin bat doa. Inportantzia handia
daukate, oreka baten hazten ari garelako”. “Gure tradizioan, abiapuntuko bi
nota daude (sol eta mi; gero dator la). Bi nota horietan sartzen zaio informazioa, eta horrela iristen
zaio haurrari. Euskaraz, benetako sormenak ditugu hori guztia transmititzeko
(bi notako kantak, gero hirukoak, gero laukoak). Eta daukagun hori ez dakigu
baloratzen”.
Saioari amaiera emateko, Arrietak Benito Lertxundi kantariaren Goizian goizik abestia erabili du maila teorikoan azaldurikoa modu praktikoan ikusteko. Euskal kantutegiko hainbat kanturekin alderatu du, eta euren sinbologian sakondu du (hegaztiak, loreak… emakumea adierazteko erabiltzen dira; emakumearen izate ezberdinak hegazti ezberdinen ezaugarriekin parekatzen dira).
Albistea hedabideetan: