Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hausnartu Saria eskuratu du Miren Artetxek

Soziolinguistika klusterrak banatzen dituen sarietan bigarrena lortu du. Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak esleitutako ikerketa kontratuarekin hasi zuen Artetxek azterketa.

Hiztun berriak eta bertso-mundua lanari esker lortu du Miren Artetxe bertsolari eta ikertzaileak Soziolinguistika Klusterrak banatzen duen Hausnartu sarietako bigarrena. Atzo egin zen sariak emateko ekitaldia Bilboko Bizkaia - EHU Aretoan, Euskal Soziolinguistika Jardunaldiaren egitarauaren baitan. Saridunek beren lanak aurkeztu zituzten.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak martxan jarritako deialdiari esker, ikerketa kontratua eskuratu zuen Artetxek 2013an, Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea. Ipar Euskal Herriko gazteen hizkuntz identitate eta portaerak proiektuarekin. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza portaera eta, batez ere, horren gainean gazteok duten diskurtsoa aztertu du eta bertso-eskolak horretan duen eragina.

Hortik abiatuta, bertsolaritzan egindako ikerketa garatuz eta ekarpenak eginez aritu da etengabe. "Bereziki ondo" idatzitako lana dela nabarmendu du epai-mahaiak eta "bertso munduaz harago, beste esparru batzuetan ere diskurtsoak berritzeko ikuspegi iradokitzailea eskaintzen" duela.

Izaskun Kuartangok eskuratu du lehen saria; herri-administrazioen zerbitzu hizkuntzaren ebaluazioari buruzko ikerketa egin du berak. Eta hirugarrena Irati Lizeagak lortu du Lintzirin: Eragin Linguistikoaren Ebaluazioan oinarritutako Euskara Sustapen Ekintza Plana (ESEP) lanarekin. Lanen testuak osotasunean argitaratuko dira BAT soziolinguistika aldizkariaren 2018ko laugarren alean.