Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hasi da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira

Iruñean egin da lehen saioa. Inprobisatzaileak zein zaleak ezin gusturago geratu dira sei emanaldiko biraren hasierarekin.

Bete da Iruñeko Zentral. Aulki nahikorik ez eta zutik, aulki sailen atzean eta barra aldamenean jarri dira zaleak, oholtza ezkutatzen duen gortina beltzak zer azaleratuko ote duen zain. Kantuan aritzeko plaza ederra bilakatu da Zentral, eta erakustaldia egiteko gogoz aurkeztu zaizkigu payadore, repentista eta bertsolariak. Hasi da Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira.

Kolore berde eta horiko oihalak goitik behera zintzilik; erdian bi besaulki eta atzean, aste honetan zehar batera eta bestera kantuan ariko diren inprobisatzaileak: Argentinatik etorritako Araceli Argüello payadorea, Kubako Tomasita Quiala repentista eta Julio Soto eta Maialen Lujanbio bertsolariak. Saioan barrena, batek eta besteak egiten duena adieraziz, gidatu gaitu Iker Iriartek. Entzun ditugu Araceli Argüelloren milonga gautxoak bere gitarrarekin, saioko lehen ofizioan ere bai Maialen Lujanbiorekin, Julio Soto dezimak eginez, eta Tomasita Quiala oin behartuen ariketa egiten Paco Rodriguez musikariaren konpainian. Zaleak parte hartzera ere gonbidatu ditu Quialaren ariketak, zortzi silabako esaldiak proposatuz. Inprobisatzaileen arteko komunikazioa ahalbidetzen, Irati Majuelo interprete lanak egiten. Zaleak gustora entzuten dutenarekin eta kantuan ari direnak ere bai izaten ari diren harrerarekin. Azkar pasa da denbora.

Amaitu da saioa, baina bihar egongo da beste bat; eta etzi bestea; eta ostiralean...igandera bitarte, egunero egokiera berri bat. Erandio, Hernani, Gasteiz, Baiona eta Donostia izango ditu geltoki birak, eta sarreradun saioetarako txartelak eskuragai daude jada: atari honetan bertan topatuko duzu informazioa.