Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/11/20

GRAL Saria banatu dugu

Leire Amenabarrek sinatutako "Sortzaile kulturalak eragile sozialak? Errepertorio kulturalak: espazio, audientzia eta estetika berriak” lanak eskuratu du.

GRAL Sariak jada badu ebazpena: Leire Amenabar Larrañagaren Sortzaile kulturalak eragile sozialak? Errepertorio kulturalak: espazio, audientzia eta estetika berriak ikerlanak eskuratu du Gradu Amaierako Lanei esleitzen zaien 500 euroko saria.

Psikologia Sozialaren jakintza esparruan kokatzen da Amenabarren lana. Sormen kulturala adierazpen politiko gisa landu da bertan: herrigintza, identitate kolektibo zein indibidualak eta horiek komunitatearekiko duten harremana adierazteko errepertorio politiko dira. Adierazpen horiek sortzen ari diren mugimendu sozial berrien ezaugarriak dira. Hori bertatik bertara aztertzeko, euskalgintzan eta kulturgintzan dabiltzan sormen diziplina ezberdinetako 13 sortzaile kulturalen eztabaida prozesu baten bidez, euren sormen lanetan aldarrikatzen diren gaiak ikertu ditu Amenabarrek, horretarako erabiltzen dituzten errepertorioak eta zein audientzietara zuzentzen diren. Horrela, mikro-politikaren balioa eta aspektu emozionalen estrategiak ikusi dira, zeinak Psikologia Politikoaren ikuspegitik, politikotasunaren definizio berriak izatera irits daitezkeen.

Hamabi lan jaso dira; eta guztiek ere ahozko kultur sorkuntza oinarri izan arren, hortik abiatuta askotariko lanak eskuratu dira, maila onekoak. Gai izan dituzte jota, hitanoa edota kantagintza, besteak beste.

Euskarazko ahozko kultur sorkuntzari buruzko ikerketa bultzatzeko helburuz, aurten bigarren aldiz deitu dugu GRAL Saria UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera. Jada eginda eta aurkeztuta dauden Gradu Amaierako Lanentzako saria da; kasu honetan, 2018-2019 edota 2019-2020 ikasturteetan defendatutakoak.

Hamabi lan jaso dira; eta guztiek ere ahozko kultur sorkuntza oinarri izan arren, hortik abiatuta askotariko lanak eskuratu dira, maila onekoak. Gai izan dituzte jota, hitanoa edota kantagintza, besteak beste.

 

Azaroaren 26an izango da sari banaketa, Laboa Katedrak eta Mintzolak ahozkotasunaren inguruan egin diren eta egiten ari diren ikerketak ezagutzeko antolatu ohi dugun Mintzola Mintegian. Saio berean izango da iaz GRAL Saria eskuratu zuen Idoia Ilundain Iribarren, Ahoz gorako irakurketa eta kontaketa haur hezkuntzan: ahotsaren eta entzumenaren bitartez sozializatzeko esperientzia lana aurkezten. Gainera, sariduna izan den Leire Amenabarrek ere beste ikertzaile batzuekin martxan duen beste proiektu bat aurkeztuko du hitzordu berean; hain justu, taldean garatutako proiektu honek UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin batera banatzen den proiektu sarietako bat eskuratu du aurten.

Mila esker, aurkeztutako guztioi! Lan bikainak.