Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gazte eta hizkuntza identitatea gozamenetik eraikitzen

Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak izan ditu aztergai Miren Artetxek bere doktoregai tesian. “Gazteontzat hizkuntza ohituren aldaketak, bereziki, gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira” eta horiek euskaraz garatzeko aukera eskaintzen dute bertso-eskolek.

Urtarrilaren amaieran, UPV/EHUko Leioako Campusean, aurkeztu zuen Miren Artetxe ikertzaileak adituen epaimahaiaren aurrean azken urteotan garatu duen ikerketa. Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbideak: gazte identitateak, hizkuntza mudantzak eta legitimizazio prozesuak izeneko lana egin du UPV/EHUn, Jone Miren Hernandez eta Josu Amezaga irakasle eta ikertzaileen zuzendaritzapean. Zehazki, Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek zein Mikel Laboa Katedrak esleitutako lehen ikerketa kontratutik eratorritako lana da Artetxerena; 2013an, erakundeok egindako lehen deialdi hartan eskuratu zuen kontratua.

Izenburuak berak zehazten duen moduan, Ipar Euskal Herriko bertso-eskoletako gazteen hizkuntza ibilbidea aztertu eta bertso-eskoletan garatu dituzten praktikak eta diskurtsoak behatu ditu. Hiztun berriei ere jarri die arreta ikerlanak.

"Hizkuntza ohituren aldaketak gazte identitateak eraikitzeko estrategiak dira" eta unean-unean, bizitzako aldaketa garaietan, hizkuntza ohiturak mantendu edo aldatu daitezke – hizkuntza mudantza deritzona, alegia-.

"Ahaleginarekin baino, gozamenarekin lotzen duten jarduera eta harreman batzuen jiran, gazte identitatea eta hizkuntza identitatea talde eta norbanako gisa eraikitzeko parada eskaintzen die bertso-eskolek", Artetxeren aburuz. Hitza hartzea, lotsa galtzea, iritzia eraikitzea,… horiek guztiak eta gehiago partekatzen dituzte taldean: "Haiek aukeratuta eraikitzen ari diren gazte identitatearen ezaugarriak dira. Hori guztia euskaraz".

Hiztun berrientzako akuilu eta traba

2019-08-23, Donostia

Bertso-eskolako hiztun berrien ibilbideei ere erreparatu die Artetxek bere ikerketa lanean; UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan, iaz, horren inguruan aritu zen zehazki. Horretarako bi hiztun berrien legitimizazio prozesuetan sakondu du: “Haien rol soziolinguistikoak aski legitimizatzen zituen bertso-eskolako galbahean oharkabean zeharkatzeko, eta ez dute etxean euskara ez ikasi izanagatik haiek eta gu bereizketarik sentitu. Bertso-munduan eta, bereziki, Hego Euskal Herrian sozializatzean, ordea, hiztun kategorien arteko bereizketarekin egin dute topo; eta horrek zalantzan jartzen du, inplizituki, hiztunon legitimitatea”, azaltzen du ikertzaileak.

Txanponak, izan ere, bi aurpegi ditu hiztun berriei dagokionez: "Bertsotan ari denari hizkuntza gaitasun altua eta erabilera trinkoa egozten zaizkio", eta beraz, bertso-eskolan sozializatzea hiztun berrien legitimizaziorako akuilu izan daiteke. Aitzitik, traba ere izan daitekeela aipatzen du Artetxek, izan ere, "bertsolari kanonikoa hiztun legitimoa da", hiztun zaharra, alegia.

Era berean, euskara berak zein hizkuntza gatazkak bertsolaritzaren gaitegian leku zentrala izan badu ere, Artetxeren ikerketaren arabera, "hiztun berrien errealitatea gutxi aipatu izan da gaur arte bederen".

Hala, Antxoka Agirrek aurkeztutako tesiaren segidan, beste hau ere gehitu behar diogu bertsolaritzaren eta ahozkotasunaren ikerketaren zerrendari. Bejondeizula, Miren!