Gaur hasiko da Ahostegunak
Urte osoan antzerkian, bertsolaritzan, kantagintzan eta literaturan edota kontalaritzan trebatzen diren zenbait gazte elkartuko ditugu Ahostegunak egitasmoan. Guztira, bost saio izango dira, eta gaur izango da horietan lehena: 16:00etatik aurrera, Euskaltzaindiak egoitza duen Donostiako Tolare baserrian elkartuko dira izena eman duten gazte sortzaileak. Kantagintza izango dute mami gaurkoan, eta Olatz Salvador kantautorea izango da beraiekin. Egun indarrean dauden neurriekin bat gauzatuko ditugu saioak.
Hurrengoetan, Erika Olaizola aktorea, Eli Pagola eta Odei Barroso bertsolariak eta Oier Guillan idazle eta sortzailea izango dira gonbidatu. Aipatutako kultur diziplinekin gozaraztea da helburua, eta gazteen artean harreman sarea ehuntzea.
UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin elkarlanean osatu dugu bigarren aldiz Ahostegunak, Euskaltzaindiaren babesarekin.