Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Feminismoa eta iritzi publikoa, Bertsolamintzaren "bira"ko azken saioan

Maite Berriozabal eta Xabier Aierdi izan ziren hizlari atzo. Lau hitzaldiren ondotik, guztiak jasoko dituen saioa egingo da ekainaren 1ean Mintzolaren egoitzan bertan; izena emateko garaiz zabiltza.

Aste lanpetua izan du hau Bertsolamintzak: asteazkenean Bilbon izan zen, eta atzo, aldiz, Gasteizen. Arabako Bertsozale Elkarteak egoitza duen Amaia Zentroan izan zen hitzordua, 18:30etik aurrera, eta aurtengo zikloko azken bi solasgaiak ekarri zituzten Maite Berriozabalek eta Xabier Aierdik: Feminismoa eta bertsogintza, gai-jartzailearen talaiatik eta Nola sortzen da bertsogintzari buruzko iritzi publikoa? hitzaldiak eskaini zituzten, hurrenez hurren.

2019-05-23, Gasteiz. Maite Berriozabal eta Xabier Aierdi

2019-05-23, gasteiz. Publikoa

 

 

 

 

 

 

 

 

Plazetako gai-jartzailetzan jarri zuen begia, batez ere, Berriozabalek. Gaia sortzen denetik, plazarainoko bidean hartzen den erabaki bakoitzaren garrantziaz hausnartzeko abiapuntuak eskaini zituen: "gai bakoitzak bere horretan ematen dituen bideak eta marrazten dituen errealitateei begiratu, eta, hortik abiatuta, bertsolariak eraikitzen dituen diskurtsoetan gaiak duen pisuaz hausnartzeko bidea irekiko da". Testuinguru horretan, ikuspegi feministak egoera eta harreman desberdinak sortzeko eta eraldatzeko eskaintzen dituen bideen inguruko hausnarketara bultzatu gintuen.

Iritzi publikoa gizarteak objektu zehatz batez duen ezagutza partekatua da, modu arinean hartutakoa izaten dena askotan: "azken bi hamarkadetan, bertsogintza bera izan da iritzi publiko horretan indartsuen, bere burua zer den zehaztu duena", dio Aierdik eta erantsi, "horren harira, bi hausnarketa dira posible: definizio hori gizartean hedatzea lortu ote du? eta abangoardia lan horretan, bere jarraitzaile potentzialekiko zenbateko distantzia mantendu du?". Galdera horiek eta beste hainbat erantzuten aritu zen Aierdi.

Ekainaren 1ean, solasgai guztiak

Bertsolamintzaren "bira" amaituta, hitzaldi guztiak modu laburtuan entzuteko aukera izango dugu. Maiatzaren 2tik atzora arte, sei hitzaldi eta mahai-inguru bat eskaini dira, Iruñean, Senperen, Bilbon eta Gasteizen, eta, ekainaren 1ean horiek guztiak entzuteko aukera izango dugu Mintzolaren egoitza den Subijana etxean (Amasa-Villabona). Hizlarien arteko mahai-inguruak ere izango dira, eta agertutako interesdunek ere parte hartu ahal izango dute, noski. Sarrera doakoa da, baina izena eman behar da aurretik, maiatzaren 31ko 12:00ak baino lehen. Horretarako bete honako orria.

Bestalde, 09:00etan hasi eta 14:00etan amaituko den saioaren ondotik, elkarrekin bazkaltzeko aukera izango dugu Amasako Uxo-Toki elkartean. Horretarako ere izena eman behar da; otordurako izena emateko epea luzatu dugu, eta maiatzaren 30ean amaituko da izen-ematea eta ordainketa egiteko epea (12 euro). Hementxe duzu izen-emate orria.

Egitaraua eta informazio gehiago, hemen.