Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/06/27

"Female Improvisational Poets" argitalpena kaleratu da

Renoko Euskal Ikasketen Zentroak iaz antolatutako jardunaldien ondorio da liburua. Mintzola Ahozko Lantegitik bideratuta, Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran izan ziren parte hartzen, besteak beste.

2018an Elkon (AEB) egin zen Cowboy Poetry Gathering delako jaialdiaren baitan, The Role of Women in Basque and American Oral Poetry jardunaldiak antolatu zituen Renon kokatuta dagoen Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroak (Center for Basque Studies). Mintzola Ahozko Lantegiak antolaketa lanetan lagundu zuen eta beste erakunde zenbaiten babesa lortu ez ezik, Euskal Kultur Erakundea kasu, Mintzolak bideratuta hartu zuten parte jardunaldietan Jone Miren Hernandez, Maialen Lujanbio, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran ikertzaile eta bertsolariek.

2019-06-26, Donostia.

Jardunaldietan AEBn jatorria duen country erako poesia eta bertsolaritza izan zituzten hizpide, beti ere emakumearen presentzia aintzat hartuta. Jardunaldiok mintzagai, Female Improvisational Poets. Challenges and Achievements in the Twentieth Century liburua atera du aipatu Euskal Ikasketen Zentroak, eta atzo aurkeztu zuten Xabier Irujo Euskal Ikasketen Zentroko zuzendariak, Iñaki Arrieta hango Euskal Liburutegiko zuzendariak eta jardunaldietan eta, honenbestez, liburuan parte hartutako Maialen Lujanbio bertsolariak.

Bertso eskolen inguruko argitalpena

Datorren urtean beste argitalpen bat ateratzeko asmoa du Euskal Ikasketen Zentroak. Bertso eskolen ingurukoa izango da, eta Mintzolak lagundu du artikulu horien egileak bideratzen ere.