"Ez da bakarrik gordetzea; berriro gizarteratzeko helburuz egiten da herri jakintzaren bilketa"
Euskal kantagintzaren ondarea izan dute gaitzat aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek. Amasa-Villabonako Subijana etxean, Mintzolaren egoitzan bertan bildu dira Euskal Kultur Erakundeko Maite Deliart, Eresbileko Jon Bagues, Labayruko Igone Etxebarria eta Sü Aziako Jean Mixel Bedaxagar.
Erakunde bakoitzaren jarduna ezagutzeko aukera eskaini dute jardunaldiok eta baita elkarbanatzen dituzten zein orokorragoak diren egoera eta kezkak azaleratzekoa ere. Zentzu horretan, mahai-inguruan dokumentuen bilketatik harago, horiek hezkuntzan izan dezaketen erabileraz eta gizarteratzeko beharraz aritu dira hizlariak. Izan ere, aurrez Labayruko Igone Etxebarriak esan bezala, "ez da bakarrik gordetzea; berriro gizarteratzeko helburuz egiten da herri jakintzaren bilketa".
Hirugarren aldiz gauzatu dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak; aurreko bi urteetan antzerkigintzatik eta ipuingintzatik abiatu ziren. Aurtengoan Mintzola Ahozko Lantegiak antolatu ditu jardunaldiok, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin eta Koldo Mitxelena Liburutegiarekin batera. Bestalde, BADOKen eta Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen (ALDEE) laguntza izan dute.