Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/04/02

Euskal kulturgintzaren kontsumoaz, Mintzolak antolatutako ikastaroetan

Belaunaldiz belaunaldi egiten den transmisioaz ere hitz egingo da abuztuaren 22an eta 23an izango den eskolan. Matrikulatzeko epea ireki da.

Zer kultura da euskaraz kontsumitzen duguna? Nola transmititzen da euskal kultura? Nolakoa da horren baitako bertsozalea? galdera horiek eta bidean sortzen diren gehiago erantzuten ahaleginduko gara aurten Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Uda Ikastaroetan antolatutako eskolan. Matrikula jada abiatu da eta maiatzaren 31 baino lehen izena ematen dutenentzako merkeagoa izango da.

Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izena darama udarako prestatutako eskolak; zehazki, abuztuaren 22an eta 23an izango da, Donostiako Miramar Jauregian. Euskal kulturaren kontsumotik eta transmisio edo transmisio ezatik abiatuta, bertsozaletasuna izango da hizpide lehen egunean; eta, bide hori eginda, bigarren egunean, bertsolaritzari inguruan egokitu zaizkion eraginak eta horietara nola moldatu den aztertuko dugu, izan rockari, 90eko bertsolari gazteei, emakumeen presentziari edota hiztun berriei dagokionez.

Josu Amezaga, Iratxe Retolaza eta Harkaitz Zubiri izango dira hizlari lehen egunean; eta, Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe bigarrenean. Gainera, hitzaldi sorta biribiltzeko, bigarren jardunaldiko arratsaldean komentatutako bertso saio feminista eskainiko dute Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal bertsolariek, Maite Berriozabal gidari dutela.

[EGITARAUA]

Euskal Kulturari So. Bertsolaritzaren Artikulazioak (2019)_Liburuxkaren azala

Eman izena orain, HEMEN!