Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Euskal kulturari begira jarri gara udako ikastaroan

Euskal kulturaren kontsumoari eta transmisioari heldu diote Josu Amezagak eta Iratxe Retolazak lehenik, eta Harkaitz Zubirik bertsozaletasunaren ezaugarriak aletu ditu gero “Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak” ikastaroaren lehen jardunaldian.

Euskal kulturaren zaletasuna sustatzeko zenbait gako mahaigaineratu dira gaur Miramar Jauregian. Euskal kulturari so. Bertsolaritzaren artikulazioak izenburuko bi eguneko eskola antolatu du Mintzola Ahozko Lantegiak UPV/EHUko Uda Ikastaroen baitan. Lehen egunean euskal kulturgintzaren argazki orokorraren gainekoak eskaini dituzte Josu Amezagak eta Iratxe Retolazak, kontsumoari eta transmisioari lotuta, eta, ondoren, kultur sorkuntzaren prozesuari buruzko zenbait ekarpen ekarrita, bertsozaletasunaren argazkia eskaini du Harkaitz Zubirik. 

Josu Amezagak euskal kulturaren kontsumoan jarri du begia. Ahalik eta jende gehiagorengana heltzeko euskal kulturaren plan baten beharra azpimarratu du: "erakundeek errepideak jartzen dituzte, motorea gizarteko norbanakoek dute; baina ezin da jendearen gainean ardura guztia jarri. Eskaerari erantzun ez ezik, eskaintza handitu ere egin behar da, eta, alde horretatik erakundeek jarrera proaktiboagoa beharko lukete. Ez da bakarrik errepideak jartzera mugatu behar”.

Iratxe Retolaza ere bat etorri da ideia horrekin, euskal kultur sorkuntzaren transmisioaren inguruan aritu denean: “Bezeroak ez du nahi hori horren aitzakian, ez da kontuan hartzen hartzaileak ere eraiki egiten direla. Kultur agenda osatzea da politika hedatuena egun, eta programazio horiek osatzeko koordinazioa eta gizarteratze ekimenak falta dira". Bestalde, besteak beste, kultur sortzaileen arteko esperientzia kolektiboak eta diziplinartekotasuna ere bultzatu behar direla azaldu du Retolazak Kultur sorkuntzaren transmisioa: ajeak eta erronkak hitzaldian, "kultur eragileen arteko sinergiak sortu eta kultur komunitatea trinkotzeko". 

Harkaitz Zubirik kultur sorkuntza arrakastatsua izateko gakoetako zenbait aipatu ditu eta bertsolaritzan jarri dizkigu ikusgai: "kultur sorkuntza funtsean da existitzen diren osagaiak hartu, jabetu, birkonbinatu, zerbait ekoitzi eta ekoizpen horrekin jendea liluratzen saiatzea eta horretan norbanakoak garrantzia handia dauka. Interakzio-negoziazio bat dago bertsotan ekoizlearen eta hartzailearen artean, eta horrek ekoizpena bera aberasten du. Espazio anitz eta berdinzalea garatu da hori gertatzeko”. 

Bihar, bertsolaritzaren artikulazioak

Mahai-inguruan solasean aritu dira gero gaurko hizlariak. "Bertsolaritzarena ez da kasualitatea. Lan egin da: sustapenean, hezkuntzan, ikertegian, dokumentazioan... beste sektore batzuetan ere ez litzateke ikuspegi horrekin lan egin beharko? Plan baten beharrarena hortik diot, eta gutako bakoitzak zein ekarpen egin dezakeen gogoetatuta", aipatu du Amezagak. Horretarako, "oso garai onean" gaudela aipatu du Zubirik "datuak biltzeko eta nahi dugun horretara bideratuta lan egiteko", eta Retolazak gehitu du informazioaz gain, giza baliabideak ere badaudela, nahiz eta horiek saretzea falta den, eta hori ere beharrezkoa izan, "bestela, esperientzia metatu asko galduko da". Euskal kultura kontsumitzeko komunitatea trinkotzea bai, baina komunitate hori zabaltzearen garrantzia ere azpimarratu da, izan ere, "euskaldun batzuek gero eta gehiago kontsumitzen dute euskaraz, baina kontsumitzaile kopuru hori ez da igo".

Euskal kulturgintzan aritu eta gero, zooma bertsolaritzara bideratuko dugu bihar: Alberto Irazu, Jon Maia, Oihana Iguaran eta Miren Artetxe ariko dira bigarren jardunaldian, 9:00etatik aurrera. Arratsaldean, 17:00etan, komentatutako bertso saio feminista izango da Miramarreko Terrazan: Miren Amuriza eta Nerea Ibarzabal ariko dira bertsotan, eta Maite Berriozabal gaiak jartzen. Doakoa izango da eta, ikastaroko ikasleetatik harago, nahi duen oro etor daiteke.