Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/05/24

Euskal etnopoloaren lehen mintegian izan da Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Bertsozale Elkartearen egitasmoetan, sortzaileen eta herritarren parte-hartzea bideratzea zeinen garrantzizkoa den azpimarratu du Xenpelarreko Nere Erkiagak.

Pasa den ostiralean euskal etnopoloaren lehen mintegia egin zen Baionan eta han hartu du parte Xenpelar Dokumentazio Zentroak. Kultur ondarea zabaltzeko sortu diren atari digital ugariren berri eman zuten Frantziatik eta Euskal Herritik bildutako dokumentazio eragileek. Atari hauen ezagutza eta erabilpena nola bultzatu izan zen gai nagusia, batez ere sorkuntza laguntzeko.

Hainbat mahai-inguruk osatu dute mintegia eta horietako batean hartu du parte Xenpelar Dokumentazio Zentroko Nere Erkiagak. Bertsolaritzaren kasuan, Bertsolaritzaren Datu Basearen eta Bertsoaren berri eman zen, eta atari hauen erabilpen maila onaren arrazoietariko bat Bertsozale Elkartearen egitasmoen bidez gauzatzen den sortzaile eta herritarren parte hartzea zela azaldu zen. 

Mintegi hau Euskal Kultur Erakundearen (EKE) eta Parisko EHESS Gizarte Zientzietako Goi Mailako Ikasketen Eskolak partaidetzan antolatu da. Estatu frantseseko Kultura Ministerioak euskal etnopoloaren labela eman dio Euskal Kultur Erakundeari (EKE); aitorpen horrek kulturaren eta ikerketaren alorrean ari diren erakundeen lana goraipatzen du eta ondarea eta sorkuntzari buruzko partaidetzak ahalbidetzen ditu.