Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2014/11/20

Euskal antzerkiaren inguruko funtsa hizpide Jardunaldien lehenengo egunean

Gaur abiatu dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak Donostiako Koldo Mitxelena kulturunean. Euskal antzerkiaren inguruko funtsak dituzten erakunde eta elkarteetako ordezkariak elkartu dira egoeraren diagnosi orokor bat egin asmoz. Datorren ostegunean izango dute jarraipena jardunaldiok. Azaroaren 27an, Amasa-Villabonan, euskal ant zerkiaren sortzaile eta eragileak dauden premiei buruz arituko dira.

Euskal Antzerkiaren funtsak jasota dituzten erakunde eta elkarteetako ordezkariak elkartu dira gaur Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien baitan.

Bertan izan dira  Baionako Mediateka eta Euskal Museoko Liburutegietatik Marie-Andrée Ouret eta Marie-Hélène Déliart; Euskaltzaindiaren Azkue Liburutegitik Pruden Gartzia, Euskal Kultur Erakundetik Pantxoa Etchegoin, Koldo Mitxelena Liburutegitik Sorne Matxinena eta Frantxi Lopez Landatxe; Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegitik Iñaki Goiogana eta Mauleko Sü Azia Elkartetik Maddi Oihenart.

Erakunde bakoitzak euskal antzerkiaren funtsen katalogazioan egiten duten lana aurkeztu du eta jarraian, egoeraren diagnosia egin asmoz, mahainguruan gaiari buruzko hainbat puntu aztertu dituzte. Datozen egunotan www.mintzola.com atarian eskuragarri izango dira jardunaldiotatik ateratako ondorioak.

Datorren astean izango du jarraipena Jardunaldiak. Azaroaren 27an, euskal antzerkiaren inguruko sortzaile eta eragileek dokumentazio alorrean dauden beharrei buruzko gogoeta eta mahai ingurua egingo dute. Asmoa euskal antzerki sorkuntza eta garapenean lagundu dezaketen dokumentazio beharrak plazaratzea da. Amasa-Villabonan izango da, Mintzola Fundazioaren egoitzan, arratsaldeko 18:30ean. Doan eta interesa duen ororentzat irekia.

Bertan izango dira:

  •      Jaime Valverde. Antzerki kritikaria. Euskal Herriko Antzerkizale Elkartea.
  •      Ixabel Etxeberria. Ikerlaria eta euskal antzerkian doktorea.
  •      Mikel Martinez. Antzerki sortzaile eta antzezlea. Tartean Teatroa.
  •      Oier Guillan. Antzerki sortzaile eta antzezlea. Metrokoadroka Sormen Laborategia.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien lehenengo edizio hau Mintzola Fundazioak, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak (EHAZE) eta Koldo Mitxelena Liburutegiak antolatu dute Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartearen (ALDEE) laguntzarekin.

Xenpelar Dokumentazio Zentrotik bultzatu den ekimena izan da. Bertsoa atarian ikusgai da jardunaldion harira Xenpelar Dokumentazio Zentroko ordezkariei egindako elkarrizketa.