Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2020/03/23

Etxeko egonaldirako proposamenak

"Mundu bat ahoz aho" eta "What is bertsolaritza?" ikus-entzunezkoak eskura daude webgune honetan bertan. Bestalde, hainbat bertsoaldi eta liburutegiko erreferentzia arakatzeko aukera dago Xenpelar Dokumentazio Zentroak kudeatzen duen bdb.bertsozale.eus atarian.

COVID-19k eragindako egoerak etxean egin ditzakegun zereginak bilatzera eraman gaitu. Zeregin horiek beharrarekin lotutakoak izan daitezke, baina eguneko orduek plazerarekin loturikoak egiteko aukera ere ematen digute. Mintzola Ahozko Lantegian baditugu proposamenak. 

Etxetik mugitu gabe bidaiatuko dugu Mundu bat ahoz aho dokumentalarekin. Bertsolaritzak munduan dituen ahaideak ezagutuko ditugu: munduko beste zenbait kantu inprobisatu, alegia. Izan ere, bertsolaritza gure-gurea dugu, baina munduko beste zenbait txokotan ere badira bestelako ezaugarri batzuk dituzten ahozko sorkuntzak ere: Gales, Kuba edota Kurdistan ezagutuko ditugu, hitzetik, etxeko egongelatik mugitu gabe.

 

Ziur inoiz baino gehiago ari zarela atzerriko lagunarekin bideo-deiez hizketan. Ostiraletan, online, bertso saioa dagoela esan nahi diozu, baina zaila egiten zaizu bertsolaritza zer den azaltzea… horretan lagungarri egingo zaizu What is bertsolaritza?: 20 minutuko azalpena duen bideoa, ingelesez eta azpitituluekin, eta hamar bertsoaldietako bilduma, jatorrizkoan eta azpitituluekin. Etxepare Euskal Institutuak eta Mintzola Ahozko Lantegiak garatua, Laboral Kutxaren babesarekin.

 

Ikertzaile sena baduzu, eta batean eta bestean arakatu nahiago baduzu, bdb.bertsozale.eus ataria aproposa duzu. Xenpelar Dokumentazio Zentroak jasotako ondarearen zati handi bat dago bertan; tartean, "bertsoa" atalean, bertsoaldien bilaketak egin daitezke iragazki bat, bi, gehiago edo batere jarri gabe, eta Bapatean bildumak ere entzungai daude. "Liburutegia"n ere egin daitezke bilaketak eta erreferentzietako zenbait eskura daude Interneten.

Berrogeialdi (ikustaldi/entzunaldi/irakurraldi) on!

Pello Mari Otaño beka deialdia
Bestalde, gogoan izan, Kilometroekin elkarlanean eta Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolak eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkarteak lagunduta, Pello Mari Otaño beka deialdia abian dugula. Bertsolaritza eta emakumea Aiztondoko bailaran (Gipuzkoa) aztergai duten proiektuak lehenetsiko dira, baina Aiztondoko ahozkotasuna edota ahozko kultur sorkuntza aztertu asmoa duten ikerketa proiektuak ere aintzat izango ditugu. 3.000 euro eskuratuko ditu hautatutako proiektuaren ikertzaileak, urtebeteko epean proposatutako lana gara dezan. Apirilaren 2ra arte aurkeztu ahal izango dira proposamenak. Anima zaitez! Deialdiaren xehetasunak, hemen