Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Entzun beharreko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak

Soinu artxiboei buruzkoak izan dira aurten. Haiekin lanean aritzen diren zenbait adituren bizipenak entzuteko eta esperientziak partekatzeko aukera eskaini du topaketak.

Dokumentazio gaien inguruko kezkak, esperientziak eta erronkak partekatzeko helburuz gauzatzen dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak 2014tik. Askotariko gaiak landu izan dira sei edizioetan, eta zazpigarren honetarako ere bazen mamirik: soinu artxiboen inguruko egitasmo eta esperientziek elkartu dituzte Amasa-Villabonako Subijana Etxean dokumentazio alorreko zenbait profesional. Pandemiak ere ekarri du jardunaldietara berrikuntzarik, eta aurten aretotik ez ezik, online jarraitzeko aukera ere izan da.

Hala, izena eman dutenek Euskadi Irratiko fonotekaren eta Euskaltzaindiko Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren esperientzien berri jaso dute; Xabier Erkiziak eta Marie Hirigoyen-Bidartek sortzaile eta ikertzaile ikuspuntuak ere gehitu dizkiote hitzaldi sortari. Badok euskal musika atariko Jon Eskisabelek ezin izan du parte hartu.

Euskadi Irratiko fonotekako Iñigo Ceberio eta Irati Etxezabal izan dira hitza hartzen lehenak. 1982an lehenengo emisioarekin hasi zen artxiborako bazka sortzen. Musikak pisu handia zuen fonotekan eta ahots artxiboan eduki politikoek zuten lekurik handiena. "Hasiera haietan bi zinta zeuden emisioa gordetzen: batek 24 ordu egiten zituen, eta gero bestea sartzen zen. Horrela, txandaka. Beraz, emisioa 24 orduz egoten zen gordeta", azaldu du Ceberiok. Bobinak, kaseteak, DATak eta euskarrietan egindako bidea azaldu du Etxezabalek, egun Euskadi Irratian baliatzen diren barne erabilerako GDS sistema, Nahieran eta EITBPodkast berriraino.

Adolfo Arejita etorri da Euskaltzainditik Euskararen Herri Hizkeren Atlasaren berri ematera. "80ko hamarkadan hasi zen Euskaltzaindia honetan. Atlasaren bertute handienetakoa da metodologia oso ondo landu zela". 2.857 galderako sorta disenatu zuten hizkera horien "berriemaileen" informazioarekin osatzeko; guztira, 5.000 orduko ahots grabazioa. Paperezko euskarrian ondutako hizkeren mapa ekartzeaz gainera, Euskaltzaindiko webgunean dagoen Ohiko euskal mintzamoldeen antologia ere erakutsi du: "Hiztegi batua edota orotariko euskal hiztegia ditugu, baina gure eginkizuna izango da etorkizunean ahozkotasunaren corpus bat ere sortzea: Zegaman zerbait nola esaten den jakin nahi duenarentzat, erraz bilatzeko moduan jarri", azaldu du Arejitak.

Entzutearen garrantzia ahozkotasunean

Baina egitasmoez harago, bizipen pertsonalagoak ere jaso ditugu, hala nola Xabier Erkizia sortzailearena eta Marie Hirigoyen-Bidart ikertzailearena. Oin oharretan egituratuta eta bere ikerketa bidaietan jasotako soinuekin kontakizun ederra osatu du Erkiziak; Timorrera eraman gaitu, esate baterako. Han komunitate batean izan zen: "Han zegoen Hitzen Maisuak hitz egin eta gainerakoen egiteko bakarra hura entzutea zen. Komunitateko kideek nolabait bazuten entzute ariketa horretan gordetzeko edo "grabatzeko" funtzioa". Kontua da hara eman zituen kideari bere lanagatik ordaindu eta komunitatera telebista eraman zuela: "Telebistarekin maisuari entzuteari utzi zioten; memoriaren zati handi bat kendu zien". Izan ere, ahozkotasunari bezainbeste garrantzia eman dio Erkiziak "entzunkotasunari" edo entzuteko gaitasunari, jarrerari: "Entzuteko gaitasuna behar da ahozko ondarea gordetzeko". 

Ikerketa lanetan baliatu izan ditu Marie Hirigoyen Bidartek soinu artxiboak: "Soinua idatz dezakegu partituran; baina sekula ez dugu lortuko guztia idaztea, ahots tinbrea, adibidez. Biziki zaila da paperean islatzea, ezinezkoa ez bada. Soinua ordezkaezina da". Artxiboak sortzerakoan grabatzen duenaren hautuan jarri du arreta, besteak beste: "Hautatu dugun hori eredutzat hartuko da gerora", garai horretako ordezkari, alegia. Ikertzaile gisa soinu artxiboak entzuteko edo lortzeko izandako trabak ere aipatu ditu "usu jabetza sentimenduari lotutakoak"; alabaina, soinu artxiboen transmisiorako erraztasunak ematen dituzten zenbait atari ere aipatu ditu hitzaldiaren amaieran.

"Doinu hauek gerorantz bidaiatzen duten bezala, guk atzera bidaiatzen dugu". Eta entzuten ditugunean, bizia eman eta oraineko ere bihurtzen ditugu.