Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/10/07

Eman izena Ahostegunak saioetan parte hartzeko!

18 eta 22 urte bitarte dituzu eta antzerkia, bertsolaritza, kantua edota literatura gustuko dituzu? hau zuretzako da...

Pasa den astean iragarri bezala, ostegunak bereziak izango dira azaroan unibertsitate inguruan dabiltzan gazteentzat. Ahozko kultur sorkuntzarekin ondo pasatzeko saioak antolatu ditugu Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak, Euskaltzaindiaren eta EHUKulturaren laguntzarekin batera: Ahostegunak.

Antzerkia, bertsolaritza, kantagintza eta literatura izango dituzte mami ekimena osatzen duten saioek. Egun bakoitzeko, kultur sorkuntza bat landuko da eta diziplina horretan aritu eta aditu den lagun batek edo batzuek hartuko du(te) parte. Azken egunean, aurretik egondako gonbidatu guztiekin mahai-ingurua egingo dugu. Saioak ostegunez izango dira, 16:00etatik 19:00etara. UPV/EHUko Gipuzkoako campusaren ondoan dagoen Euskaltzaindiaren egoitzan gauzatuko ditugu, Donostian. Urriaren 31n egingo da lehena eta, jarraian, ostegunero egingo dira saioak azaroaren 28an azkenengoa egiten den arte.

Izen-ematea gaur abiatu da eta martxan egongo da urriaren 21era arte. 18 eta 22 urte bitarteko gazteentzako da ekimena: UPV/EHUko Gipuzkoako campusean egingo denez, eta, honenbestez, unibertsitateko ikasleek eskurago izango duten arren, ateak irekita dituzte interesa duten gainerako zaletuek ere. Izen-ematea doakoa da, baina ezinbestekoa; behin izena emanda, saio guztietara agertzeko konpromisoa eskatzen da.