Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2021/12/22

Egin dugu Mintzola Fundazioaren azken patronatu bilera

Azken urtebetean, Mintzola Ahozko Lantegiaren helburuen eta egitekoaren inguruko gogoeta burutu dute fundazioko kideek. Gauzak horrela, bere jarduerari amaiera ematea erabaki du, aho batez, Mintzola Fundazioak. Aurrerantzean, Euskaltzaindian kokatuko da ahozkotasunean baitan landuko den proiektu zabala, eta Bertsozale Elkarteak zuzenean kudeatuko du bertsolaritzaren ikerketa.

Abenduaren 20an burutu zen Amasa-Villabonan Mintzola Fundazioaren azken patronatu bilera. Bertan izan ziren Euskal Herriko Bertsozale Elkartearen izenean, Andoni Egaña eta Beñat Gaztelumendi; Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean, Garbiñe Mendizabal; Kutxa Fundazioaren izenean, Ander Aizpurua; eta Villabonako Udalaren izenean, Xabat Laborde patronatu kideak. Aho batez onarpena eman zioten elkarlanean prestatu duten Mintzola Fundazioaren azkentze proposamenari. 

Mintzola Fundazioa azkentzeko arrazoiak azaldu ziren bileran. Bertsogintzaz harago, ahozko gainerako diziplinetan gehiago sakondu eta eragiteko beharrak bultzatuta hartu da erabakia. Aurrerantzean, Bertsozale Elkarteak zuzenean kudeatuko du bertsolaritzaren ikerketa, eta Amasa-Villabona izango du lantoki Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lantaldeak. Aldiz, ahozkotasunari buruzko ikerkuntza eta hedatze lanaren lekukoa Euskaltzaindiak hartuko du.

Mintzola Ahozko Lantegia 2008an sortu zen. Bertsolaritzatik abiatuta, ahozko tradizioaren gaineko hausnarketari eta ahozkotasunari loturiko diziplinen arteko elkarreragina bultzatzea izan du helburu azken urte hauetan guztietan, gizartearen premia berriekin uztartuz eta, era berean, diziplina hauek indartuz. Horretarako, bertsolaritzaren ikerketan sakontzen eta, horietan landutako hausnarketak gogoan, euskaraz diharduten beste ahozko kultur sorkuntzetara eta nazioarteko beste kantu inprobisatuetara zubiak eraikitzen saiatu da azken hamarkada honetan. Egun, honakoak ziren patronatuko kide: Euskal Herriko Bertsozale Elkartetik, Iñaki Murua (lehendakaria), Andoni Egaña, Beñat Gaztelumendi eta Joana Itzaina; Gipuzkoako Foru Aldunditik, Garbiñe Mendizabal (lehendakariordea) eta Maria Jose Telleria; UPV/EHUtik, Junkal Gutierrez; Kutxa Fundaziotik, Ander Aizpurua; eta Villabonako Udaletik, Beatriz Unzue — baina Xabat Labordek eskuordetua.

Ibilbide oparoa izan da urteotakoa. Mila esker hala izatea ahalbidetu duzuen guztioi!