Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Donostiako Antzoki Zaharrean agurtu dira Araceli Argüello eta Tomasita Quiala

Eta baita bira honetan parte hartu duten gainerako inprobisatzaile, itzultzaile eta laguntzaileak. Azken emanaldia izan zen atzo eta aste osoan kantu kideek elkarren artean hartutako trebezia nabaria izan zen oholtzan.

Azken saioa egin zen Donostiako Antzoki Zaharrean. Argazkia: XDZIgandean egokitu zen plazaren izaerarekin bat, dotore eta goxo amaitu zen Nazioarteko Inprobisatzaileen Bira. Donostiako Antzoki Zaharrean egin zen azken emanaldia: Saroi Jauregik gidatu zuen saioa, eta kantuan aritu ziren Araceli Argüello payadore argentinarra, Tomasita Quiala repentista kubatarra eta Amets Arzallus, Jone Uria eta Julio Soto bertsolariak. Guztiek ere parte hartu zuten aurretik birako bi emanaldietan gutxienez, eta nabaria zen harremana beraien arteko elkarrizketa kantatuetan ere. Haien arteko jarioa ahalbidetzen itzulpen lanak egiten aritu zen Maddalen Arzallus eta repentistaren bertsoei doinua jartzen Francisco Rodríguez gitarra-jotzailea.

Iparra eta hegoaren erkaketa, Donostiako pintxo hautaketa eta On Kixote eta Santxo Panza izan ziren, besteak beste, hizpide. Eta horietan guztietan, edukiari bakarrik ez eta formari ere bakoitzak eman zion bere ukitua, eta bestearenarekin ere saiatu, esperimentu emankor bezain liluragarria lortuz: Julio Soto dezimako neurrietan, edota payadorearen doinuak hartuta bertsolari zein repentista. Beste lurraldeetan egiten dituzten ariketak ezagutzeko abagune paregabea ere izan zen: rueda izeneko ariketa, non Araceli Argüello payadoreak atzeko solaskideei bertso bana botatzen zien eta gero haiek erantzun, edota oin behartuaren ariketa, non Tomasita Quialak oinak eskatuta bertsoa osatzen zuen bat-batean. Azken honek joandako zaleen laguntza eskatu zuen eta ordura arte jasotakoarekin gustura, ikus-entzuleak parte hartzeko prestutasun osoa erakutsi zuen.   

19:00etan hasita, ia bi orduko emanaldia osatu zuten. Amaitu da bira eta etxera bidean payadore, repentista eta haien laguntzaileak. Gero arte bat izango delakoan gaude.

  • Laster izango dira ikusgai Bertsoa.eus atarian, Iruñeko eta Donostiako saioetako laginak.

Birako argazki gehiago ikusi nahi? ARGAZKI GALERIA

2018-10-14, Donostia