Deustuko Komunikazioko ikasleak izan dira gurean
Azken urteetan egin bezala, aurten ere Deustuko Unibertsitatean Komunikazioko ikasketak egiten diharduten ikasleak etorri zaizkigu Mintzola Ahozko Lantegira. Eli Perezek eskaintzen duen Ahozko Komunikazioa irakasgaia medio etorri dira Komunikazioan bigarren urtea egiten dabiltzan gazteak. 20 bat lagun hurbildu dira egoitzara eta Karlos Aizpuruaren eta Oihana Aranbururen azalpenak entzun dituzte, Bertsozale Elkartearen, Mintzola Ahozko Lantegiaren eta Xenpelar Dokumentazio Zentroaren jardunaren inguruan.
Irakasgaiarekin eta, oro har, euren ikasketekin duen lotura zuzena aintzat hartuta, etorri dira Subijana etxera. Sei urte daramatzate Deustuko ikasleak egoitzara etortzen, Eli Perez irakaslearen eskutik.
Mintzolak harreman estua du unibertsitateekin, bertsolaritzaren ikerketarako zein honen hedapenerako lankidetza garrantzitsua baita. Besteak beste, harreman horien fruitu dira UPV/EHUrekin elkarlanean egindako ikerketa kontratu eta proiektu sarien deialdiak, UNIbertsoan ekimena edota UPV/EHU Uda Ikastaroetan eskaintzen diren ikastaroak.