Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datu guztiak, klik batean

Maiatzaren 10ean egingo dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak, Amasa-Villabonako Subijana etxean. Hainbat datu basetako emaitzak aldi berean eta kolpe bakar batean aurkezten dituzten bilatzaileak ezagutuko ditugu.

Ahozko ondareak berezko dituen ezaugarriengatik, hainbat gunetan biltzen diren datu eta dokumentazio mota ezberdinak modu bateratuan eskaintzeko beharrak bultzatuta sortu dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak.

Beharrizan hau ahozko ondaretik haragokoa ere bada. Herritarrei ondarea esku-eskura jartzeko, ondarearen digitalizazio eta datu bilketa handiak egin dira azken urteotan, eta Interneten gune ezberdinetan antolatu dira. Atari batean eta bestean eskaintzen diren datuak elkar gurutzatzea ahalbidetzen duten bilaketa bakarreko aukerak garatu dira azken urteotan, eta erabiltzaileak, klik bakar batean, ahalik eta emaitza eraginkorrena lortzen du.

Bilaketa bakarra eskaintzea helburu duten esperientziak ezagutaraziko dira aurtengo jardunaldietan. Maiatzaren 10ean izango dira, Amasa-Villabonako Subijana etxean, 10:00etan hasita. Maila estrategikoan nahiz teknikoan emandako pausoak partekatu nahi dira, izandako zailtasunetatik eta abantailetatik elkarrekin ikasteko.

Eusko Jaurlaritzak hiru datu-base biltzen dituen Liburubila egitasmoa gauzatu du, eta hori azalduko dute Mikel Aizpuru Eusko Jaurlaritzako Ondare Zuzendariak eta Francisca Pulgar Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuko arduradunak. Ipar Euskal Herrian dauden euskal dokumentuen funtsak sarean modu bateratuan eskaintzeko helburua du, bestalde, Bilketa.eus ekimenak; Baionako Mediatekako Marie-Andrée Ouretek emango digu haren berri. Artium museoko liburutegi arduradunak, Elena Roserasek, azalduko du museoko dokumentazioa eskaintzeko garatu duten sistema. Eta, azkenik, Aitor Maritxalar informatika garatzaileak bilaketa bakarra eskaintzeko Euskaltzaindiak eta BDB Datu Baseak darabilten Solr sistema zer den azalduko du.

Aurten findu du Xenpelar Dokumentazio Zentroak BDB Bertsolaritzaren Datu Basearen bilatzailea. Solr sistemari esker, datu base hainbat elkar gurutzatzen ditu orain bilatzaileak, eta, hala, ahalik eta emaitza eraginkor eta osatuena eskaintzen zaio erabiltzaileari bilaketa egiten duenean.

Jardunaldien amaieran, iritzi trukerako abagunea izango da, noski.

Sarrera doakoa da, baina helbidera idatzita eman beharko da izena, maiatzaren 8a baino lehen. Egitarau zehatza, hemen.

Seigarren urtez antolatzen

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatzeko eta ezagutarazteko helburuz sortu ziren. Bertsolaritzaz harago, euskarazko ahozko beste kultur adierazpide gehiagoren inguruan sustatu izan dira. Aurtengoa seigarren aldia da.

Mintzola Ahozko Lantegia, Bertsozale Elkartea eta Iametza Interaktiboa dira aurtengo antolatzaileak; Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkarteak (ALDEE) lagunduko du jardunaldien berri zabaltzen.