Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datorren ostiralean amaituko da ikerketa deialdietara aurkezteko epea

UPV/EHUrekin elkarlanean, ikerketa kontratu bat eta bi proiektu sari ditugu esleitzeko.

Ohartzerako heldu zaigu maiatza, eta honek hiru betetzen dituenean amaituko da UPV/EHUk eta Mintzolak elkarlanean antolatutako ikerketa deialdietara aurkezteko epea.

Pasa den hilabetean abiatu genituen bi deialdiak: batetik, 2.000 euroko bi proiektu sari ditugu banatzeko lan monografikoentzat edota master amaierako lanentzat, eta, bestetik, doktorego aurreko urtebeteko ikerketa kontratu bat, hiru urte gehiagoz luzatu ahal izango dena. Bi deialdiak UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrarekin antolatu ditu Mintzolak, eta kontratuak UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzen babesa ere badu.

Ahozko kultur sorkuntza (antzerkia, bertsolaritza, kantagintza...) interesdunak aukeratzen duen jakintza alorretik ikertu ahal izango da: antropologiatik, hizkuntzalaritzatik, robotikatik...hamaika heldulekutatik azter daiteke ahozko kultur sorkuntza. Kontratuaren deialdian Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker lerroak hartuko dira, bereziki, aintzat.

Maiatzaren 3an amaituko da ikergai proiektuak aurkezteko epea. Ebaluazio irizpideei, datei eta prozedurari loturiko xehetasunak, hementxe topatuko dituzue.