Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Datorren ostegunean amaituko da aurkezteko epea

Aiztondo bailarako bertsolaritza ikertzeko aukera aparta eskaintzen du Kilometroek eta Mintzola Ahozko Lantegiak deitu eta Zubimusu Ikastolak eta Hernandorena Kultur Elkarteak lagundutako Pello Mari Otaño ikerketa bekak. Apirilaren 2an amaituko da proposamenak bidaltzeko tartea.

Bertsolaritza eta emakumea Aiztondo bailaran (Gipuzkoa) ikertzeko helburua duten proiektuak lehenetsiko dira Pello Mari Otaño bekarako; baina Aiztondoko ahozko kultur sorkuntza aztertzeko asmoa duten azterketa lanak ere hartuko dira aintzat. 3.000 euroko saria jasoko du proiektu aukeratuaren ikertzaileak, bere lana urtebeteko epean gara dezan. Gaur zortzi amaituko da proiektu horiek aurkezteko epea; lanak aztertuta, maiatzaren 9an emango da ebazpenaren berri.

Kilometroek eta Mintzola Ahozko Lantegiak jarri dugu abian deialdia, Amasa-Villabonako eta Zizurkilgo Zubimusu Ikastolaren eta Zizurkilgo Hernandorena Kultur Elkartearen babesarekin. "Herritik sortua eta herriari eskainia. Kilometroak jaia da; bertsolaritza, jolasa. Bata zein bestea elkar lotuta daude, eta guztiz txertatuta euskal kulturan", aipatu zuen Kilometroak egitasmoko Mikel Egibarrek aurkezpen egunean, eta gaineratu "gure herriak, euskararen herriak, belaunaldi berriak erakartzeko ekimen garaikideak izan behar ditu. Horretarako, azterketa, ikerketa eta analisia behar dira. Martxan jarri dugun Pello Mari Otaño bekarekin helburu honi erantzun nahi diogu". 

Mintzola Ahozko Lantegiko Beñat Gaztelumendik hainbat eragilerekin izandako elkarlanarekin ikerkuntzan Mintzola "hazia erein eta erein" ari dela azpimarratu zuen, eta ondorioz, "hainbat ikerketa proiektu eta tesi bultzatu, eta jada uzta biltzen" hasiak garela gogorarazi zuen. Uzta horri gehituko zaion ikerketa bultzatzeko asmoa du Pello Mari Otaño bekak.

[DEIALDIARI BURUZKO INFORMAZIOA]