Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2017/12/21

Datorren astean izango da Ahots Baten

Sormen egonaldian izena eman duten 42 gazte sortzaileak Zestoako Sastarrainen elkartuko dira abenduaren 26tik 30era.

Urtean zehar antzerkia, bertsolaritza, kantua edota literatura lantzen duten gazteei ohiko hitzordua bihurtu zaie Gabonetakoa. Ahots Baten sormen egonaldia izango dute aurten ere Mintzola Ahozko Lantegiaren eskutik, eta Ikastolen Elkartearekin, Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearekin, Euskal Kantuzaleen Elkartearekin eta ipuingintzan aritu eta aditu direnekin lankidetzan.

15-21 urte bitarteko 42 gaztek eman dute izena; Sara, Gasteiz, Abadiño, Lasarte-Oria, Iruñea, Urruña, Zaldibia… jatorri ugariko sortzaileak bilduko dira hirugarren edizio honetan ere. Abenduaren 26tik 30era Zestoako Sastarrain baserri eskolan pasako dute egonaldia.

Gazteok antzerkiarekin, bertsolaritzarekin, kantuarekin eta literaturarekin esperimentatu eta ondo pasatzeko aukera izango dute, bidenabar euren arteko harreman sarea osatuz. Egun bakoitzean adierazpide bat landuko dute eta horretarako gaian aditu eta aritua den norbait joango zaie Sastarrainera: hala, antzerkia lantzeko Eneko Sagardoy Handia filmeko aktorearen bisita izango dute; bertsolaritzaren egunean Miren Artetxe eta Unai Agirre bertsolariak izango dira beraiekin; kanturako Gose taldeko Ines Osinagarekin izango dira; eta literatura lantzeko Bihotz Handiegia liburua kaleratu berri duen Eider Rodriguez idazlea joango zaie.