Cante de Poetas jaialdian izan da asteburu honetan Mintzola
Europa bat-batean egitasmoa bete-betean zela, Mintzolak beste kulturarteko ekitaldi batean ere hartu du parte. Uztailaren 14tik 17ra Cante de Poetas jaialdia gauzatu da Malagako Villanueva de Tapia udalerrian eta han parte hartu dute inprobisatzaile euskaldunek ere: Aitor Mendiluze eta Eli Pagola bertsolariak aritu dira kantuan eta Olatz Mitxelena itzultzaile lanetan.
Ostiralean eta larunbatean eskaini zuten emanaldia bertsolariek, Murtziako troveroekin, Kubako repentistekin eta Herrialde Katalanetako corrandistekin, besteak beste.
2001etik urtero ospatzen da Cante de Poetas jaialdia; hamaseigarrena izan da aurtengoa. Gerardo Paez El Carpintero hango poeta eta inprobisatzaileak munduan zehar hainbat topaketetan hartu zuen parte, mundu osoan barrena Villanueva de Tapia herriaren enbaxadore bihurtuz, eta hortik sortu zen bere udalerrian jaialdia egiteko ideia.