Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2019/02/19

Bilatzaile berria du Bertsolaritzaren Datu Baseak

Aldi berean aukera daitezkeen hainbat iragazki eskainiko ditu bilatzaileak, bilaketa erraztuz.

Agenda, argitalpenak, biografiak, bertsoaldiak,… askotariko datuak eta dokumentuak aurkitzeko aukera ematen du Bertsolaritzaren Datu Baseak. Horietan hobeto moldatzeko egokitzapen lanak bideratu ditugu Xenpelar Dokumentazio Zentrotik.

Bilaketak errazago egin ahal izango ditu aurrerantzean erabiltzaileak. Bilaketa bakarra eginda, BDB barruan dauden datu base guztietan zer dagoen ikusteko aukera egongo da. Gainera, zerbait zehatza bilatzen ez duenarentzat ere erraztasun handiagoak eskainiko ditu aurrerantzean, emaitzak mugatzeko, aldi berean aukera daitezkeen hainbat iragazki eskainiko baititu. Horretarako, Solr izeneko sistema berria erantsi zaio BDBko garapenari. Dokumentu bildumak argiago ikusaraztea da helburua.

Alegia, demagun doinu jakin bateko bat-bateko bertsoaldi bat entzun nahi dugula. Bada, aukera izango dugu bat-bateko bertsoaldia aukeratu eta, ondoren, doinu jakin hori aukeratuta; euskarri mota, urtea, bertsolaria... gure bilaketa askoz ere gehiago zorroztu ahal izango dugu. Malgutasun handia eskaintzen du iragazkiak eskaintzen dituen bilatzaile berriak, egun katalogo handia duten beste zenbait atari ezagunetan egiten den moduan.

Probatu nahi? Hementxe duzu BDBren bilatzaile berria!