Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/11/17

Bihar hasiko dira Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak

"Idatzitik ahozkora: Euskal Ipuingintza Egungo Liburuetan" jardunaldien lehen saioa 10:00etan abiatuko da Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Euskal tradizioko ipuinetan begirada jarriz abiatuko dira bihar Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. Gaur egun haurrentzako argitaratuta dauden euskal tradiziozko ipuin-liburuen egoera aztertuko da ikuspuntu ezberdinetatik, baina bereziki ahoz kontatzeko baliabideei erreparatuz.

Itziar Rekalde ipuin kontalari eta euskal tradizioko ipuingintzan arituak ekingo dio egunari, ikus-entzuleak gaiean kokatuz eta gaur egun euskal tradizioko ipuingintzak duen garrantzian hausnartuz. 10:30ean, Xabier Etxaniz EHUko irakasle, idazle eta euskal haur eta gazte literaturan adituak hartuko du hitza; Kontatzeko moduko euskal tradizioko ipuin ezezagun horiek…liburutegiko oinarrizko funtsa hitzaldia eskainiko du berak. Atsedenaldiaren ondotik, Pello Añorga ipuin kontalari eta idazleak hitzaldi-kontaketa eskainiko du, euskal tradizioko ipuinen kontaketarako baliabideak mami dituela. Saioa hiru hizlarien parte-hartzea izango duen mahai-inguruarekin biribilduko da.

Biharko saioaren ondotik, azaroaren 25ean beste bat gauzatuko da. Jardunaldiotan landuko diren gaiak eta gogoetak udal liburutegietako nahiz eskola liburutegietako arduradunentzat interesgarriak izateaz gain, ipuin-kontalari edo ipuingileentzat, eta arlo honetan dabiltzan editore eta itzultzaileentzat ere baliagarriak izatea nahi da.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren iaz. Bigarren edizio hau ere Mintzola Fundazioaren Elkargunearen baitan, euskal ahozko sorkuntzen inguruan, antolatu da. 2015eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola FundazioaTolosako Udal Liburutegia, eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Elkarte hauen laguntza izan dute jardunaldiek: Galtzagorri ElkarteaArtxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE); eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE).