Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/11/24

Bigarren hitzordua dute bihar Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek

"Idatzitik ahozkora: Itzulitako ipuin unibertsalak liburuetan" gaiaren inguruan mintzatuko dira bihar parte-hartzaileak. Manu Lopez, Patxi Zubizarreta, Aines Dufau eta Bego Alabazan aditu eta arituak izango dira hizlariak.

Iragan asteazkenean hasitako Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiek jarraituko dute bihar. Idatzitik ahozkora: Itzulitako ipuin unibertsalak liburuetan gaia izango du hizpide jardunaldien bigarren eta azken saioak. Gaur egun argitaratuta dauden haurrentzako liburuen artean ipuin unibertsalek duten egoera aztertuko da ikuspuntu ezberdinetatik.

Manu Lopez EHUko irakasle eta haur eta gazte literaturan adituak ekingo dio saioari 10:00etan, Koldo Mitxelena Kulturunean; Haratagokoak gureratuz: Ipuin unibertsalen itzulpenaren egoera hitzaldia eskainiko du. Jarraian, Patxi Zubizarreta idazle, itzultzaile eta haur literaturan adituak, bere esperientziari helduta, ipuin unibertsalen itzulpenean ahozko baliabideek duten islaz ariko da. Aines Dufau itzulitako ipuinak argitaratzeari buruz ariko da gerora. Atsedenaldiari tartea eginda, 11:30etan, hitzaldi-irakurketa eskainiko du Bego Alabazan ipuin kontalariak, euskaraz argitaratutako ipuin klasikoen kontaketarako baliabideei erreparatuz. Saioa biribiltzeko, hizlariak bildu eta solasean ariko dira saioan zehar ateratako gaiez eta ikus-entzuleekin hausnarketa eginez.

Bigarren saio honekin amaituko dira aurtengo Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak. Pasa den asteazkenean izan zen jardunaldi hauen lehen saioa, Itziar Rekalde, Xabier Etxaniz eta Pello Añorga aditu eta arituen eskutik; Idatzitik ahozkora: Euskal tradizioko ipuinak liburuetan gaiaren inguruan egin zuten jarduna.

Xenpelar Dokumentazio Jardunaldiak dokumentazio alorraren inguruko eta, bereziki, Euskal Herriko dokumentazio gaien inguruko gogoetak bultzatu eta ezagutarazteko helburuarekin sortu ziren iaz. Bigarren edizio hau ere Mintzola Fundazioaren Elkargunearen baitan, euskal ahozko sorkuntzen inguruan, antolatu da. 2015eko Xenpelar Dokumentazio Jardunaldien antolatzaileak Mintzola FundazioaTolosako Udal Liburutegia, eta Koldo Mitxelena Liburutegia dira. Elkarte hauen laguntza izan dute jardunaldiek: Galtzagorri ElkarteaArtxibategi, Liburutegi eta Dokumentazio Zentroetako Profesionalen Euskal Elkartea (ALDEE); eta Euskal Itzultzaile, Zuzentzaile eta Interpreteen Elkartea (EIZIE).