Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bi ikerketa kontratuak eta hiru proiektu sariak, denak esleituta

Ekainetik irailera bitarte izan dute aukera interesdunek euren lanak aurkezteko. Lanen mailarekin gustura agertu da epaimahaia eta ondorioz, deialdiko sari eta kontratu guztiek dute jabea.

Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Laboa Katedrak eskainitako hiru proiektu sariak, eta bi erakundeok UPV/EHUko Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzekin batera eskainitako ikerketa kontratuak banatu dira.

Sei lan jaso dira ikerketa kontratuetarako. Oihana Iguaran Barandiaranek eta Ainhoa Aizpurua Insaustik eskuratu dituzte bi ikerketa kontratuak: lehenak, Bertsoaren Agenda. Agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina lana osatzeko eskaria aurkeztu du eta bigarrenak Bertsolaritzaren prosodia. Urtebetean garatu ahal izango dute proiektua baina hiru urte gehiago luzatzeko aukera izango dute. ***

Proiektu sariei dagokionez, Ane Labaka Mayozek, Itziar Navarro Ibañezek eta Xumai Murua Berrak eskuratu dituzte: Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik; Oiartzungo bertsolarien kantaera: analisi musikologiko konparatiboa; eta, Gorputz Heziketako aktibitateen didaktika bertsogintzaren didaktikaren zerbitzuan lanak osatuko dituzte, hurrenez hurren. 2.000 euroko saria jasoko dute hiruek beren lana osatzeko.

Ikerketa kontratuak eskaintzen diren laugarren aldia da eta hirugarrena proiektu sariei dagokionez. Bata bestearentzat osagarri direla nabarmendu da aurtengo deialdian; proiektu sarien deialdia kontratuen deialdiarentzat onuragarri gertatu da,  beste zenbait urtetan sarietarako pausoa eman zutenek kontratura aurkezteko urratsa egin baitute. Lanen mailarekin gustura agertu da epaimahaia.

*** Ikus kontratuaren esleipenari dagokion azken aldaketa, hemen.