Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritzari buruzko ikerketak ezagutuko ditugu datorren asteazkenean

Ane Labakak, Beñat Krolemek, Itziar Navarrok eta Jon Martinek beren ikerketak aurkeztuko dituzte asteazkenean Amasa-Villabonako Subijana etxean. Gainera, saioaren ostean "Oholtza" emanaldia eskainiko da.

Datorren astean bertsolaritzaren inguruan martxan dauden ikerketetako batzuk ezagutzeko parada izango dugu, Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak antolatutako hitzorduari esker. Urriaren 18an izango da hitzaldi saioa, 18:30etik aurrera, Mintzolaren egoitza den Amasa-Villabonako Subijana etxean.

Bertsolaritza ikergai 2017

Ane Labakak, Beñat Krolemek, Itziar Navarrok eta Jon Martinek aurkeztuko dituzte beren ikergaiak. Labakak eta Navarrok Mintzolak eta Laboa Katedrak esleitutako ikerketa proiektu sari bana eskuratu zituzten iaz: hari esker, Bertsolaritzan garatutako umorea(k), genero ikuspegitik lana garatu du lehenak eta Navarrok Bertsolarien kantaeraren bilakaera denboran zehar. Oiartzungo kasua lana bideratu du. Bestalde, Beñat Krolemek eta Jon Martinek doktore tesi bana dute esku artean: Oholtza. Ahozko inprobisazioan zeharkako ibilbidea: irudia eta hitza eta Xabier Leteren bertso, olerki eta kanten analisia ari dira lantzen, hurrenez hurren.

Aurkezpenen ondotik, bertso emanaldi berezia izango da; Beñat Krolemek bere ikerketaren parte den Oholtza performancea gauzatuko du, hain zuzen. Irudiaren lanketa egingo du berak, Jon Martin eta Ane Labaka bertsotan direla.

Sarrera doakoa izango da eta interesa duen bertsozale, ikertzaile zein herritarrentzat zabalik dira Mintzolako ateak.

Aurtengo deialdia amaitzear

Bertsolaritza jakintza alor jakin batetik aztertu nahi duten ikertzaileentzat aurten ere bada ikerketa proiektu saria eskuratzeko aukerarik. Mintzola Ahozko Lantegiak eta UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak bi ikerketa proiektu sari dituzte aurten banatzeko. Deialdia uztailean zabaldu zen eta igande honetan amaituko da ikergaiak aurkezteko epea. Prozedura eta gainerako xehetasunak, ondorengo lotura honetan dituzue.