Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

2015/06/03

Bertsolaritzaren ikerketa sustatzeko, ikerketa kontratua eta hiru proiektu sari esleituko dira

Bi deialdietan eskaera aurkezteko epea zabalik da irailaren 11ra bitarte.

Mintzola Fundazioaren egoitzan aurkeztu dituzte gaur goizean, bertsolaritzaren ikerketa sustatzeko bi deialdiak. Aurkezpenaz arduratu dira Zigor Etxeburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria eta Mintzola Fundazioko patronatu kidea; Isabel Elorza, EHUko Gipuzkoako Campuseko Euskara zuzendaria; eta Juan Kruz Igerabide, Mikel Laboa Katedraren zuzendaria.

Zigor Etxeburuak ongi esan bezala "Ikerlariek ikerketarako behar dituzten dokumentuak eskuragarri izateaz gain, ikerlariei aholkua eta bultzada ematea da gure asmoa", eta horretarako unibertsitateak bidelagun ditu Mintzola Fundazioak. Xede horren baitan kokatu behar dira gaur burututako bi deialdiak.

Batetik, ikerketa kontratua esleituko dute Mintzola Fundazioak, Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek: bertsolaritzari buruzko doktorego-tesi bat egitea helburu duen kontratua. Isabel Elorzak azaldu duen moduan "doktoregaiak hautatuko du zein ikuspegitatik aztertuko duen bertsolaritza, baina epaimahaiak kontuan izango ditu Bertsolaritzaren Ikerketa Plan Estrategikoan lehenetsitako iker-lerroak". Horiek ikusgai daude www.mintzola.eus atarian.

Ikerketa kontratua eta proiektu sarien aurkezpena

Urtebeteko kontratua finantzatuko da esleipen honen bitartez, beste hiru urtez luzatzeko aukerarekin, eta EHUn formalizatuko da.

Hiru proiektu sari

Kontratuaz gainera, Mintzola Fundazioak eta Mikel Laboa Katedrak hiru proiektu sari banatuko dituzte ikergai nagusia bertsolaritza duten master amaierako lanen nahiz ikerketa lan monografikoen artean.

Juan Kruz Igerabidek eman ditu hiru sari hauen inguruko argibideak: "2.000 euroko hiru diru-laguntza emango dira. Eskariak aurkezteko epea datorren irailaren 11era artekoa izango da eta hautatuen izenak beranduenez irailaren 30ean emango dira". Urtebete izango dute saridunek lana osatu eta aurkezteko.