Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Bertsolaritzaren ikergaiak aurkeztuko dira datorren astean Amasa-Villabonan

Miren Artetxek, Oihana Iguaranek, Eñaut Agirrek eta Ainhoa Aizpuruak beren ikerketa proiektuak ezagutaraziko dituzte. Hitzaldien ondotik, bertso-saioa eskainiko da.

Azaroaren 10ean, 18:30etik aurrera, Amasa-Villabonako Subijana etxean bertsolaritzaren inguruan martxan dauden doktorego-tesiak aurkeztuko dira: Miren Artetxe, Oihana Iguaran, Eñaut Agirre eta Ainhoa Aizpurua ikertzaileek ezagutaraziko dituzte beren ikerketa-lerroak. Artetxek Bertsolaritzaren transmisioa eta euskararen gune sinbolikoaren sendotzea lanaren nondik norakoak azalduko ditu; Iguaranek Bertsoaren Agenda. Agenda settingak bertsolaritzaren diskurtsoan duen eragina; Agirrek Ahozko hizkeraren ezaugarriak bertsolarien bat-bateko jardunen; eta, Aizpuruak Bertsolaritzaren prosodia

Mintzolak zein UPV/EHUko Mikel Laboa Katedrak eta Euskara eta Ikerkuntza Errektoreordetzek babestutako ikerketa lanak dira hauek: Miren Artetxek duela lau urte erakunde hauen artean esleitutako ikerketa-kontratua eskuratu zuen; Oihana Iguaranek eta Eñaut Agirrek aurtengo deialdikoa erdietsi dute; eta, Ainhoa Aizpuruak Mikel Laboa Katedrak eskaintzen duena bereganatu du. Hitzordu honekin ikerketa hauen berri eman eta bertsolaritza ikertzen dutenen arteko harremana eragin nahi dugu.

Hitzaldien ondotik, bertso-saioa izango da: Eñaut Agirrek bertso-zaharren emanaldia eskainiko du Imanol Kamio musikariarekin batera, eta ondotik, Miren Artetxe eta Oihana Iguaran bertsotan ariko dira librean. 

Ekitaldi irekia eta doakoa izango da.